GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Durango, kulturaren topagune

Argitaletxeak gustura, «egoera kontuan hartuta»

Durangoko Azokak iragana du jada 47. edizioa, eta balorazioen unea izan genuen atzo. Orokorrean, eta denek azpimarratu nahi izan duten «egoera zein den kontuan hartuta» -larri samarra-, oso pozik agertu dira jenderengandik jaso duten erantzunarekin. Argitaletxeak diskoetxeak baino gehiago, eta, etxe handiak, txikiak baino gehiago.

p004_f03_89x65.jpg

p004_f06_186x93.jpg

ELKAR

Etxe garrantzitsua da Elkar, literatura zein musikan; ez du alferrik sekulako presentzia Azokan. Bertako Txantxon Zubeldiaren esanetan, «aurtengoan ere beldur handiarekin hasi genuen Azoka, hor geneukan `krisia', denok gogoan genuen hitza. Baina Durango berezia izanik, eta denok dakigu hala dela dela, esan beharra dago funtzionatu egin duela eta guk uste genuena baino askoz hobeto atera dela aurtengo Azoka. Beste behin ere jendeak erantzun egin du eta gu pozik gara, gustura». Nobedade zerrenda ikustea gustatzen bide zaio jendeari, «eta izan ditugu, baita funtsa ere. Haur eta gazte zein helduen literaturan polito saldu da», baina Zubeldiari ez zaio gustatzen izen berezirik azpimarratzea, «bat esaten hasita denak aipatu beharko genituzke-eta». Elkarren bozeramailearen aburuz, «idazlea bertan sinatzen egotea garrantzitsua da; ez dugu esango irakurlea sinadura bila datorrenik, baina presentzia horrek, idazlearen eta irakurlearen arteko kontaktuak, badu bere tira».

TAUPAKA

Musikherria zenaren errautsetatik Taupaka kolektibo musikala jaio da aurten, eta Azokan izan dira. Bertako balorazioa Gorka Chamorrok eman digu. «Azoka laburragoa izanda, jende gehiago ikusi da egunerokotasunean, baina erostera datorren jende gutxi. Gero eta gutxiago ikusten dut jendea jakin-minez, kultura ikertze hori jaitsi egin da; mediatikoki garrantzitsuak diren `produktuak' saltzen dira gehien. Izan ere, gero eta diru gutxiago du jendeak eta gauza zehatzen bila dator». Eta horrek guztiak «albo kalteak» dakartza; «gurea bezalako elkarte txikien kalterako da».

Taupakak, beraz, ez du oso balorazio positiboa egiten. «Aurkezpen urtea izan dugu, stand erdia izan dugu 500 euro ordainduta -garestiegi baikenuen osoa-, eta datorren urtean ez dakit egoterik izango dugun. Gurea bezalako elkarte txikiak Azokatik desagertzea euskal kulturaren kalterako da, jendeak lan asko ez lituzke ezagutuko-eta».

 

 

SUSA

Susaren izenean Gorka Arrese editoreak hartu gaitu, «desiratzen nago Azoka bukatzeko» esanda, «lehenbailehen Jon Alonsoren `Zintzoen saldoan' eta Ricardo Arregiren `Bitan esan beharra' poesia liburua irakurri nahi ditut-eta».

Susaren standean «oso ondo joan da Azoka, oso-oso ondo saldu dugu Mikel Antzaren `Atzerri' eta Kirmen Uriberen `Mussche', iaz Harkaitz Canoren `Twist' lanarekin izan genuen arrakasta errepikatuz. Badakit garai zailak direla eta batzuek egun hauek zailtasunez pasako zituztela, baina guk geuk asmatu egin dugu».

Arresek ez zuen beldur handirik aurtengo Azokarako. «Editore batek badaki zein liburu duen esku artean; iaz bagenekien Canorenak harrera ona izango zuela eta publikoak berehala ikusiko zuela zein nobela klase zen. Eta aurten ere, Kirmen Uriberenak izan duen inpaktu mediatikoa begi bistakoa izan da liburua publikatu aurretik ere». Badu pena bat ordea. «Susaren hiru standetatik bat guztiz poesiari emana da, eta nobela hain genero `zapaltzailea' denez, arrakasta duenean poesia zapaltzen du, Hedoi Etxarteren `Sinplistak' indar handiko lan ederrarekin gertatu den bezala. Eta arantzatxo hori dut, poesia gure genero kutuna da-eta, gehien maite duguna».

 

 

TXALAPARTA

«Balorapena ona egiten dugu», mintzo da Mikel Soto Txalaparta argitaletxe nafarretik. «Egia da ekonomikoki bai egon dela jaitsiera, tartean egun bat gutxiago ere izan delako, baina kontuan hartuta beldurrarekin gentozela eta gizartearen egoera benetan txarra dela, jendea izorratuta dago-eta, aurtengo Durango oso gogorra izango zela uste genuen, naiz eta jakin ez zela hondamendi bat izango». Baina aurreiritziak aurreiritzi, «jendeak erantzun du eta horregatik gara pozik, sentipen positiboa dugu orokorrean».

Gehien saldu dituzten lanen artean, eta euskaraz zein gaztelaniaz lan bana aipatzearren, Jon Alonsoren «Zintzoen saldoan» eta Jose Mari Esparza editorearen «Vasconavarros» aipatu dizkigu. «Bigarrenarekin beldur ginen, bera ni baino gehiago, bai baitakit zale oso zaleak dituela; eta mantentzen ditu, ez baita liburu merkea (40 euro eta liburukote potoloa). Eta Alonsoren kasuan, urteak zeramatzan nobelarik argitaratu gabe, eta baditu honek ere irakurle oso fidelak. Justu Azokarako heldu da liburua, ez zegoen dendetan, eta muntaketa egunean bertan jada erosi nahi zuten inguruko editore batzuek!».

 

 

GAZTELUPEKO

Azokako beste klasiko bat da Gaztelupeko Hotsak; Udane eta Xarrarekin izan gara solasean. «Positiboa da balorazioa» hauentzat ere; «jende asko ibili da, egun bat gutxiago izatean pilatu egin da-eta. Gu orokorrean tentuz etorri gara, stand bat gutxiagorekin, eta aurreikuspen baxuekin. Orduan Azoka polit bat izan da, gastuetan egin ditugun murrizketa kontuan hartuta». Salmentei dagokionez, «ondo joan da, baina ez dira garai batekoak», Udaneren esanetan. «Uste dut Azokak egin duela pausu bat aurrera, antolaketa aldetik, telebista... Oso positiboki baloratzen dut hori guztia, baina ordaintzen ari gara sekulako salmentak zirenean bezala, eta hori berrikusi beharko litzateke akaso, beti dago zer hobetu-eta».

Diskoetxeak saldu dituenen artean, «Capsula oso ondo mugitu da, baita biniloa ere; eta Mugaldekoak taldearen lana agortu egin zaigu». Gainera, Xarrak argitzen duenez, Errabal azpizigiluko lanak ere badoaz apurka-apurka. «Jazz katalogotik pikatzen du jendeak, Hasier Oleagaren diskoa esaterako; esan dezakegu badoala bidea egiten urtetik urtera».

 

 

PAMIELA

Pello Eltzaburuk ere balorazio ona egin digu, Pamiela etxearen izenean. «Krisi garai hauetan, 2008tik izututa edo errespetuz etortzen gara, gainbehera dela-eta. Baina aurten Azokak eutsi dio eta pozik gara». Hala ere, nafarrek bost eguneko Azoka dute nahiago. «Eroso sentitzen gara eta pozik egongo ginateke egun bat gehiagorekin, baina ulertzen dugu lau izatea erabaki badute sektore osoak ezin duelako bost eguneko Azoka eutsi izan dela». Aparte, Gerediagak «azoka bere osotasunean egonkortzeko egin dituen pausu sendoak» aipatu dizkigu, «espazio berriekin: Ahotsenea, ikus-entzunezkoena... Espazio global hori inportantea da, datozen urteetan horra jo beharko da».

Pamielaren proposamen arrakastatsuenetarikoen artean, «literaturari dagokionez, Bernardo Atxagaren liburu-DVD-a batetik, eta, Sarrionandiaren saiakera, bestetik, honakoan gazteleraz idazleak berak zuzenduta; arrakasta izan du kontuan hartuta mila orri dituela». Aparte, Kalandrakarekin plazaratzen dituzten album ilustratuak aipatu dizkigu, baita historia atala ere. «Nafarroako konkistaren inguruan guk plazaratu dugu lan gehien, dozena erdi bat, aurten 500. urtemuga betetzen da-eta. Jakin-mina sortu dute».

 

 

GOR

Zigilu nafarraren standean baten faltan hiru lagunek hartu gaituzte. «Balorazio orokorrari dagokionez, jende gutxiago ibili da nabarmen atzo eta gaur, begi bistakoa da, baina eutsi behar zaio nola edo hala»

Eta salmentak? «Ezin dizugu esan, guk geuk ez daramagu arlo hori-eta, baina azken bi egun hauek ikusita suposatzen dut jaitsiko zirela». Gorrek nobedadeak saldu ditu gehien, «Balerdi Balerdi eta Leihotikan, baita Berri Txarraken katalogoa ere, diskografia osoa».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo