GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Aiaraldea Irratia, euskara hutsezko hedabide berri bat sortu da gurean

Aiaraldea Komunikazio Leihoak euskara hutsezko hedabide berri bat sortu du hainbat herritarrekin batera: Aiaraldea Irratia. Internet bidezko irratia izango den arren, formatu eta bitarteko ezberdinetan egongo da entzungai, esaterako FMko 96.5 frekuentzian.

p045_f01_149x77.jpg

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

Txabi Alvarado Aiaraldea Irratiko arduradunak azaldu duenez, Internet bidezko irratia izango bada ere, formatu eta bitarteko ezberdinetan egongo da entzungai: «Irrati-hargailuetan Uhinak irrati librearen bidez entzun ahal izango da, FMko 96.5 frekuentzian. Mugikorrean, Interneten eta sare sozialetan aditzeko aukera ere egongo da». Sakelakoan entzuteko, Uhinbak eta TuneIn aplikazioak erabili behar dira. Interneten, aldiz, aurki argitaratuko duten Aiaraldea Irratiaren webgunean bilduko dute eduki oro.

Proiektua Aiaraldean euskara hutsezko irratirik ez zegoela-eta sortu dute, Alvaradoren esanetan: «Eskualdean hiru irrati daude: Uhinak, Radio Llodio eta Radio Ayala. Alabaina, guztiak elebidunak dira eta euskarari oso tarte gutxi eskaintzen diote». Hori dela-eta, tokiko hedabideak euskalduntzeko deia luzatu dute: «Aiaraldea Irratiko programa guztiak Arrosa sarean egongo dira eskura. Lizentzia librea izango dutenez, edonork erabil ditzake». Uhinak irrati libreak, esaterako, Aiaraldea Irratiak ekoitziko dituen irratsaio eta mikrosaioak bere emankizun eskaintzan txertatuko ditu. Horrez gain, Aiaraldea Irratiko sustatzaileen asmoa ekoitzitako edukiak beste irrati komertzialetan ere zabaltzen ahalegintzea da, euskarari toki handiagoa eskain diezaioten.

Aiaraldea Irratia eskualdeko eta Euskal Herri mailako irratsaioekin osatuko dute. Batetik, irratsaio arruntak egingo dituzte, eta, bestetik, mikrosaioak; hau da, 15 minutuko iraupena izango duten asteroko programak. Ildo horretan, eskualdeko norbanako eta eragileen partaidetza nabarmendu nahi izan du Alvaradok. Izan ere, hamasei programa propio ekoitziko ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak. Horien artean daude «Klioren basoa» (historia), «Ai Zapotxin» (bertsolaritza), «Aiszirimola» (aisialdiko hezkuntza), «RZ» (gomendioak), «Erraldoi txikiak» (musika), «Etxetik hurbil» (elkarteen lan soziala), «FolkOn» (musika), «Taupadaz taupada» (Taupaka elkartea) edo «Harian» magazina. Azken horrek Aiaraldeko, Euskal Herriko eta munduko berriak jaso eta zabalduko ditu ordubetez astegun guztietan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo