GARA > Idatzia > Euskal Herria

OIPk presoentzako gida eguneratua kaleratu du

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren karietara, OIPk presoentzako gida eguneratua kaleratu berri du. Cimade, LDH eta Baionako dekanoarekin batera, atzo zuzenean eman zizkioten bost ale Lapurdiko hiriburuko presondegiko liburuzainari, bertako bizi baldintza kaskarrak salatu aitzin.

p013_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Estatu frantseseko hogei bat kartzeletan egin modura, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak duela egun batzuk kaleratu duen presoentzako gida zuzenean entregatu zuen atzo Baionakoan ere. Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna baliatuz, Gabi Mouesca (OIP), Gerard Fort Baionako abokatuen dekanoa, Christophe Desprez (LDH) eta Helene Ducarre (Cimade) bertaratu ziren espetxera.

«Orain hamabost urte OIP sortu zenean egin genuen lehen lana gida hau izan zen. Gaur Baionako espetxean utzi duguna hirugarren argitalpena da. Presoentzat, beren familientzat, abokatuentzat eta baita espetxeko langileentzat ere erreferentziazko liburua bilakatu da. Oso kontsultatua izan ohi da. Nolabait, kartzelako unibertsoko biblia bihurtu da», esan zuen Mouescak.

Kaleratutako 1.250 aleetatik, bost Baionako liburutegian utzi zituzten. Hori bai, edozein presok bat jasotzea nahiko balu, OIPrekin harremanetan jarrita helarazteko modua egingo litzatekeela nabarmendu zuen Mouescak.

Baionako egoera

Anne Kayanakis Baionako fiskalak berriki prentsan egin adierazpenak hizpide izan zituen Gerard Fort dekanoak: «Espetxe honetako baldintzak ez omen dira hain txarrak, hala dio fiskalak. Guk, ordea, bestelako iritzia dugu. Osasungarritasuna bera ez da bermatua. Horren lekuko dugu bi abokatuk sarna harrapatu izana, eta beste batek salaketa jartzekoa du bertako bizi baldintza txarrengatik. Jakina, Kayanakisek diona egia da, tamaina handiagoa duten espetxeak, Mont de Marsango berria kasu, jasangaitzagoak dira, baina Baionakoa ere gainezka dago. Alderaketak gorabehera, espetxea beti ikaragarria da».

Giza Eskubideko Ligaren (LDH) presidente Christophe Desprezek ildo beretik jo zuen eta egungo Gobernuak ere espetxe gehiago eraikitzeko joera izatea deitoratu zuen: «Espetxeak salbuespenezko neurria izan beharko luke, ez erreferentziazko zigorra. Aldez aurretik heldu behar zaie arazoei, eta, hala, espetxeratzeak azken neurria izan beharko luke».

Helene Ducarre Cimadeko buruak, berriz, preso dauden etorkinen egoera «are eta tamalgarriagoa» dela azpimarratu zuen: «Hizkuntzaren arazoari inolako laguntzarik ez izatea gehitzen zaio. Hori gutxi ez balitz, zigorra amaitutakoan Frantziatik kanporatuko dituzten kezkarekin bizi dira».

Joan den ostegunean Marseillako Baumettes espetxeko egoeraz Presondegietako Ikuskaritzak argitaratutako argazki eta txosten beldurgarriak ere aipatu zituen Gabi Mouescak: «Erdi Aroko bizi baldintzak jasaten dituzte bertan. OIPk modulu hori berehala ixteko eskaera judiziala egingo du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo