GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lazcozek Gasteizko Udalak enplegua sortzeko 7,8 miloi euro erabili ez izana salatu du

Gasteizko Udaleko PSEren taldeko bozeramaile Patxi Lazcozek Udal Gobernuak enplegua sortzeko 7,8 miloi euro erabili ez izana salatu zuen atzo. Lazcozek dioenez, Javier Marotoren Gobernuak ekonomia eta enplegua sustatzeko zeukan diruaren %46 soilik erabili du aurten.

Ion SALGADO | GASTEIZ

PSEko taldeak Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Sailean 7,8 miloi euro erabili gabe daudela salatu zuen atzo. Aipatutako talde politikoak ohar batean adierazi zuenez, azken hamabi hilabeteotan Javier Marotoren Udal Gobernuak ekonomia eta enplegua sustatzeko gordeta zeukan diruaren %46 soilik erabili du.

PSEko bozeramaile Patxi Lazcozek Udal Gobernuaren jarrera «ulertezina» gogor kritikatu zuen. Lazcozen ustez, «Gasteizen 21.000 langabe dauden bitartean Udal Gobernuak 7,8 miloi euro erabili gabe izatea ulertezina da, ezin da justifikatu». Harago ere joan zen Gasteizko alkate ohia: «PPko Udal Gobernuak gordeta dauka diru hori, etekin ekonomikoa sortzen lanpostuak sortu beharrean».

Udalaren egoera ekonomikoa argitzeko asmoz, Lazcozek Udal Gobernuaren ordezkariei aurrekontuan agertzen den diruarekin zer egingo duten azaltzeko exijitu zien atzo. «Dirua 2013. urtean erabiltzeko gordeko duzue edo ahalegin izugarria egingo duzue urtea bukatzeko falta diren bi asteotan erabiltzeko?», galdetu zuen.

«Une honetan lanpostu baten bila ari diren herritarrek aukera berriak sortzeko ditugun baliabide ekonomikoak erabil ditzagun espero dute. Non daude 7,8 miloi horiekin sor genitzakeen aukera berriak?», galdetu zuen PSEko bozeramaileak.

Udal Gobernuaren txostena

PSEko galderei erantzuteko, Ogasun Saileko arduradunek aurrekontuen egoera azaltzen duen txosten bat bidali zioten Lazcozi. Hala ere, zinegotzi sozialistak dionez, aipatutako txostenak ez du diruaren erabilera argitzen. «Udal Gobernutik bidali diguten dokumentazioak gure talde politikoak egindako salaketa egiaztatu besterik ez du egiten», adierazi zuen.

«Gezurra da»

PPko Ainhoa Domaicak Udal Gobernuaren jarrera defendatu zuen atzo. Domaicaren iritziz, PSEko bozeramailea gezurretan ari da aurrekontuei buruz hitz egiterakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo