GARA > Idatzia > Kultura

«Giza arimaren barne ilunenak agertzen dira `Publikoari gorroto' lanean»

p041_f01.jpg

Manex Fuchs

«Publikoari gorroto» obraren zuzendaria

Manex Fuchs 1975ean sortu zen Nafarroa Behereko Larzabale herrian. Bordelen ikasten ari zela, Petit Théâtre de Pain antzerki taldea sortu zuen beste kide batzuekin batera, eta, antzerkigintzan hainbat obra sortzeaz gain, aktore gisa ere egin izan du lan. Huts Teatro konpainia Euskal Herrian barna aurkezten ari den «Publikoari gorroto» antzezlanaren zuzendaria da.

Ainhize BUTRON | BAIONA

Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu aktoreak elkartu ditu Manex Fuchsek zuzendutako «Publikoari gorroto» obrak. Xabier Mendigurenek 1985ean idatzi zuen obra Antonin Artaudek XX. mende hasieran garaturiko «krudeltasunaren teatroa» kontzeptua ardatz hartuta. Luhuson eskaini zuen joan den azaroaren 1ean Huts Teatro konpainiak lehen aldiz obra, eta, ondotik, hainbat antzokitan izan da. Donibane Garaziko Vauban aretoan izan ostean, aste honetan Bilbora helduko da ostegunean eta Berrizera larunbatean.

Obra zertaz ari da zuzen?

Antzerki aktore batek bere ikusgarria egin behar du. Aretoan bi ikusle baizik ez daudela ohartzen da, eta, hala, aurreikusitako ikuskizuna aldatu eta beste bat inprobisatu behar duela ikusten du. Bi ikusleak taula gainera igotzea erabakitzen du, bahitu egiten ditu, eta, teatrala den zerbait egiteko, torturatu egiten ditu. Obrak, ikuskizunean ikusleak duen tokia zalantzan jartzen du. «Burges» deitutako teatroa dudan jartzen den garai batean idatziko lana da. Egilea kritika horretatik abiatzen da beste zerbait sortzeko. Antonin Artauden «Antzerkia eta bere doblea» liburua irakurri ondoren idatzi zuen testua Xabier Mendigurenek.

Nola egiten da antzerkia antzerki lan batean sartzeko?

Ikusgarri batean gezurrezko ikusleak sartzea ez da gauza berria, eta kezkagarria ere izan daiteke. Ez da seinale ona arte batek bere historiatik kanpo beste ezer adierazteko ez izatea. Kasu honetan ez da metateatroa. Teatroaz eta antzerkiaren prozesuaz mintzatzen da hasieratik bukaerara arte, baina metafora horren bidez beste zerbaitez hitz egin lezake. Bi hitzez, giza arimaren barne ilunenak agertzen dira, pertsona batek beste bi torturatzen baititu. Eta, bistan da, horren gibelean manipulazioaz ere ari gara.

Obraren helburuetariko bat ikuslearen baitan antzerkiari buruzko gogoeta piztea al da?

Ikusleak duen ardura aipatzen du. Teatro modernoan ikuslea aktorea ere badela esaten da, beraz, zein ote da bere ardura gertatzen ari den ekintza kulturalean? Baina, ikusgarria ez da gogoeta horretara mugatzen, artistaz eta bere egoaren gehiegikeriaz ere ari da. Artauden «Antzerkia eta bere doblea» lanean aipatuak diren sakoneko gaiak ukitzen ditu. Artauden idatziez ulertu eta nireganatu dudanarekin leialak izan garela uste dut, antzezpen forma berdinak erabili ez baditugu ere.

Antzerki herrikoitzat har al daiteke obra hau?

Helburua beti da antzerki herrikoia egitea. Xabierren testua 1985ekoa da. Garai horretan punk mugimendua oso indartsu heldu zen Euskal Herrira; punk sorkuntza musikala piztu zen Euskal Herrian, eta, garai berdinean, tortura sistematikoa bilakatu zen. Beraz, ez da ikusgarri klasiko bat. Azken finean, ikusgarriak aktore baten historia kontatzen du. Ander Lipus aktore bat da, bere iraganarekin, eta Euskal Herrian herrikoia da. Hamarnaka pertsonaia jokatu ditu, eta horiek guztiak ikusgarri honetan sartu dira.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo