Superprestigioa
Orlando Diazen gabeziak azaleratu ditu Ezkurrak
XIMUN LAMBERT 21
DUCASSOU 40
EZKURRA 40
ORLANDO DIAZ 13
GARA | DONIBANE GARAZI
Sutan jarritakoan ikusten omen da eltzeak balio ote duen edo ez, eta Orlando Diaz mexikarrak atzo garbi samar ikusi zuen Donibane Garaziko Superprestigioan Ipar Euskal Herriko trinketeko profesionalen artean lehiatu ahal izateko gabezia handiak dituela. Teknikoki maila ona duen arren, oraindik indar dezente falta zaio berezkoek pilotari ematen dioten abiadura eman ahal izateko bere pilotakadei, eta, hala, atzo, buruz buru maila honetan jokatzen zuen lehen partidan, Paxkal Ezkurrak sekulako pasada eman zion.
Partidako lehen tantoa egin ahal izan zuen amerikarrak, baina berehala berdindu zuen lapurtarrak, eta, hortik aurrera, uste baino errazago lortu zuen final laurdenetarako txartela. Sakez 11 tanto egin zituen Ezkurrak eta bakarra Diazek. Jokoan ere esparru guztietan nagusitu zitzaion euskalduna Diazi, maila horretan aritzeko oraindik koska bat falta zaiola argi utziz. Gogoa eta kemena baditu Orlando Diazek, baina Ipar Euskal Herriko trinketetan lehiatzeko oraindik asko hobetu beharra dauka zalantzarik gabe.
Lanberti nahikoa erraz irabazita, Ducassou izango du arerio Ezkurrak hurrengo kanporaketan. Donibane Garaziko Garat trinketeko jaialdian ez zen emozio handiegirik izan, eta, lehen partidan ere, uste baino errazago nagusitu zen irabazlea.
Orotara 56 minutu iraun zituen partidan, Ducassou jokoaren alor guztietan nagusitu zitzaion Ximun Lamberti: hobeto sakatu zuen, tanto gehiago egin zituen eta huts gutxiago ere egin zituen. Atzoko galtzaileak ez du oraindik markagailua kontra duela jokatzen ikasi, azkarregi ematen du amore, eta horren maila handiko txapelketetan ez dago horrela aurrera egiterik.