GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Parlamentarien desafinatzea

EITBren Gabonetako ohiko kantu saioak zeresana eman du saioa bera bota aurretik. Eta ez da gutxiagorako. Eusko Legebiltzarreko 19 ordezkari kantuan jarri dituzte. Horraino berrikuntzarik ez, iaz ere ikusi baikenituen haietako batzuk kantuan, Antonio Basagoiti esaterako, `Aita semeak' ezpain artean zerabilenean. Urgell-Mendia-Zabaleta hirukoa ere hantxe aritu zen.

Hautatutako abestiaren eta kantarien izaeraren aldetik sortu da, ostera, eztabaida. Eztabaida edo harrabotsa edo haserrea, edo hirurak batera. Ruper Ordorika handiaren `Zaindu maite duzun hori' kantua da Euskal Irrati Telebista publikoak Gabonak «alaitzeko» hautatutakoa, nahiz eta kontrakoa sorrarazi duen. Musikari oñatiarrak «Euskaldunon Egunkaria»-ren itxierarekin lotuta sortu zuen kantua. Entzuna, ezaguna eta sinbolizatua da bere esanahia, euskal kulturaren, euskararen eta adierazpen askatasunaren aurkako beste eraso bati aurre egiteko aldarrikapen gisa hainbatetan erabilitakoa.

Baina maitatutako horren hitzak parlamentarien ahotan jarri dira kasu honetan. Horien artean, PPko Iñaki Oyarzabal eta Laura Garrido eta UPyDko Gorka Maneiro. Eta Maneirok berak dio gainera: «Hori suertea, nonahikoak diren hoiena» (bideoaren mozketa, kasualitatez?). Zortea berea, noski, bera bezalakoak nonahi baitaude Estatu espainolean. Gutxiengoa besteona da, Euskal Herriko beste eredu batean sinesten dugunona. Oraindik ohartu ez bada, diot. Jakingo ote zuten zertan ari ziren?

Eta haserrea piztu da, nola ez, «Euskaldunon Egunkaria»-ko langile ohiengan. Jon Eskisabelek atzo «Berria»-n argitaratutako artikuluan zioen: «`Egunkaria' indarrez ixtea babesteaz aparte, hura euskal kulturaren eta euskararen beraren mesederako operazioa zela esanez iseka egin zigun Angel Acebes ministroaren alderdiko ordezkariak jarri dituzte `Zaindu maite duzun hori' kantari».

Eta otu zait. Eskuineko ordezkari zenbait halakoxe eran kantuan ikusita eta adierazpen askatasunaz ere ari garenez, hurrengo urterako zer? Negu Gorriak-en «Hitz egin»? Baina Basagoitirekin ez, arren, desafinatze latza du-eta. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo