GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Neure buruarekiko konfiantza berreskuratu dut berriro ere»

p039_f01.jpg

Gorka Azkorra

Futbolaria

Datorren hilabetean 30 urte beteko ditu Gorka Azkorra bilbotarrak, eta une honetan sasoi betean dago. Guadalajara taldean ezinbestekoa bihurtu da aurrelari bizkaitarra, eta une honetan taldeko golegile nagusia ere bada. Pasa den igandean 5-1 irabazi zioten Numantziari, eta Azkorrak bi gol egin zituen, eta jadanik sei daramatza denboraldi honetan. Bere buruarekiko konfiantza berreskuratu duela dio.

Jon LEUNDA

Gorka Azkorrak lehen urtea du Guadalajara taldean. Bilbotarra Athleticen hazi eta hezitakoa da, baina lehen taldera iritsi ostean, ateak zabaldu zizkioten, eta gehienetan etxetik kanpo jokatu behar izan du. Guadalajarara iritsi aurretik honako taldeetan jokatu izan du: Athleticen beheko mailak, Baskonia, Athletic B, Athletic, Huelva, Numantzia, Albacete, Salamanca, Lugo eta Alaves.

Nola doa denboraldia Guadalajara taldean?

Egia esan, oso gaizki hasi ginen. Emaitza oso txarrak izan genituen, eta aurreko taldeek ihes egin zuten. Egoera tamalgarrian geratu ginen, baina horri buelta emateko gai izan gara, eta zulotik ateratzea lortu dugu. Oraindik denboraldia luzea da, eta gorago joan gaitezkeela uste dut.

Zergatik izan duzue horrelako hasiera txarra?

Nire ustez arrazoiak bat baino gehiago izan dira. Hasteko, taldeko ia denok berriak ginen, iaztik inor gutxi geratzen zelako, eta ondorioz elkar ongi ezagutzeko eta ulertzeko denbora behar genuen. Gero, asko eta asko iaz Bigarren B Mailan aritu ginen, eta erritmo aldaketa handia izan da. Azkenik, hasieran egokitu zaizkigu Bigarren Mailako talderik onenak. Uste dut horiek izan direla gure hasiera txarraren arrazoi nagusiak.

Zuri zeuri nola doakizu?

Une honetan oso ongi. Aulkian hasi nuen denboraldia, Kepa zelako aurrelari titularra, baina berak min hartu zuenean etorri zitzaidan aukera, eta uste dut baliatzea lortu dudala. Jadanik sei gol sartu ditut, eta erabat berreskuratu dut konfiantza. Oso ongi eta bolada onean nago une honetan.

Iazko denboraldian Alaves taldean zer gertatu zitzaizun?

Egia esan, oso denboraldi txarra izan zen. Lugotik gol mordoa sartuta, eta konfiantza handiarekin iritsi nintzen Gasteizera. Etxera nentorren eta gogoa ere izugarria ekarri nuen. Taldea ere oso ona geneukan, baina gauzak ez ziren batere ongi atera. Ez genuen lortu igoera fasea jokatzeko txartelik ere. Lesioak ere izan nituen, eta nire konfiantza galdu egin nuen. Hala ere, denboraldiaren bukaeran Carlos Terrazasek deitu zidan Guadalajaran jokatzeko, eta ez nuen zalantzarik izan. Denboraldi txarra egin arren, maila bat gorago jokatzeko aukera neukan, eta esan behar dut berriro ere konfiantza guztia berreskuratu dudala.

Jokalarientzat etxean jokatzea horren zaila al da?

Nire kasuan ematen du baietz. Athleticetik atera ostean, urte mordo bat jokatu nituen kanpoan, eta uste dut maila nahiko ona eman dudala. Berriro etxean jokatzeko aukera eman zidan Alavesek, eta gogoa eta ilusioa ez zitzaizkidan falta izan, baina ez nuen asmatu. Ez zen batere urte ona izan, eta kanpora joan bezain azkar sasoia berreskuratu dut. Agian kanpoan jokatzen jarraitu beharko dut.

Carlos Terrazasek ez al dizue helburu handi samarra jarri?

Egia esan, bai. Aurtengo helburua Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzea zela esan zuen berak; eta egia esan, horrelaxe da, talde asko baitabiltza, eta gu baino aurrekontu handiagoak dituztenak, helburu berarekin, baina ilusioa ez da behin ere galdu behar. Denboraldia oso luzea da, gauzak oso gaizki hasi genituen, baina mailari, eta gure artekoari tamaina hartu diogunean, gorantz abiatu gara. Hala ere, lehen helburuak behetik ihes egitea izan behar du, eta gero gerokoak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo