GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Berandu datorrena ez dezatela gehiago atzeratu

Garoñako enpresa batzordeak atzo iragarri zuen heldu den igandean, gauerdian, zentral nuklear horretako jarduera eten egingo dutela, horrela adierazi omen baitiete enpresako agintariek langileei. Ziur asko, berri horrek poza eragingo zien instalazio nuklearrak behin betiko ixteko irrikatzen dauden lagunei, besteren artean, Arabako eta Euskal Herri osoko biztanleriaren gehiengo handi bati. Egia da itxiera berandu datorrela, baina egia da, baita ere, gertatzen denean oso berri ontzat joko dutela askok eta askok. Baina, ematen duenez, usteak erdia ustel beste behin ere. Arratsaldean, Garoña kudeatzen duen Nuclenorrek -Iberdrolak eta Endesak duten enpresa horren jabetza, erdibana- ez zuen jardueraren etena baieztatu nahi izan, eta horren gaineko erabakia oraindik hartu gabe dagoela adierazi zuen. Gainera, erreaktore nuklearra geratzea erabakiko balute ere, horrek zentralaren itxierarekin zerikusirik ez duela aipatu zuen, ordu batzuk lehenago sortutako berehalako itxaropenari ur hotz-hotza botaz.

Garoña inguruan bizi diren lagun askok, eta euskal herritarrek, oro har, urte asko daramatzate munstro atomikoa noiz desagertuko zain. Asko berandutuko ez dela ematen du, baina Nuclenorrek ez luke gehiago atzeratu behar jada berandu datorren erabakia, Garoñak bezala pazientziak ere baduelako iraungitze data.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo