Cabacasen hilketa aztertzeko eskatu du Arartekoak, eta Aresen haserrea piztu
Iñigo Cabacasen hilketa aztertzeko eskatu zion atzo Iñigo Lamarca Arartekoak aste honetan osatuko den Lakuako Gobernuari. Hitz hauek aurreko Barne sailburu Rodolfo Aresen haserrea piztu zuten, eta zuhurtzia gehiagorekin aritu behar dela erantzun zion Lamarcari.
GARA | BILBO
Iñigo Cabacasen heriotzaren ikerketa berriz zabaltzeko eskatu zion atzo Iñigo Lamarca Arartekoak Lakuako Gobernu berriari Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, eskaera hau Barne sailburu berriari helaraziko diola gaineratuz. Apirilaren 9an ertzainen oldarraldi baten ondorioz hil zen Iñigo Cabacas gaztea Bilbon.
Patxi Lopezen Gobernuan Barne Saileko arduradun izandako Rodolfo Aresek berehala erantzun zion Lamarcari, haserre bizian, ETBn egin zioten beste elkarrizketa batean. Arartekoa zuhurragoa izan behar dela nabarmendu zuen Aresek. Lamarcak ertzainek gomazko pilotak erabiltzea ez zegoela justifikatua adierazi du txosten batean.
«Dagoeneko ohituta nago Arartekoa, kasu batzuetan, bere eskumenetatik haratago aritzera», adierazi zuen Aresek. Afera honen informazio guztia Arartekoaren eskuetan dagoela gaineratu, eta Gasteizeko Parlamentuan agerraldia ere egin zuela gogorarazi zuen Aresek.
Lamarcaren arabera, berriz, epaileek gomazko pilotarekin tiro egin zuen ertzainaren erantzukizuna aztertzen badute ere, «Administrazioak ongi ala gaizki jokatu duen aztertzea dagokio Arartekoari».
«Ikerketak osagarriak izan daitezke. Are gehiago, beste erakundeetan ere ikertu daiteke, Administrazioaren beraren baitan edo Parlamentuan osatzen den batzorde batean», gaineratu zuen Lamarcak.
Aste honetan osatuko den Lakuako Gobernu berria Arartekoaren eskaeren aurrean «sentiberagoa» izatea espero duela esan zuen Lamarcak. Horrela, epaileen ikerketa amaitu aurretik barne mailakoa berriro martxan jartzea espero duela gaineratu zuen.
«Lehen zeuden inpunitaterako eremuak amaitzea» izan da, Aresen arabera, bere Barne Sailaren jardunaren ezaugarria, eta ez du Cabacasen hilketak hori zapuzterik nahi.