Ganbak
Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Baina ganbekin izan behar du, ez langostinoak edo bestelakorik, ganbak baino ez». Pere Sans-ek, beste gauzen artean, sukaldari liburuak idazten ditu, eta emakume bati jasotako baserriko oilaskoa ganbekin ardo beltzean gozatuak errezetaz ohartarazi zionaz ari zitzaigun. Ez omen zen gustu berdinekoa ateratzen ganbak ordezkatuz.
Osagarri bat edo beste erabiltzeak, antzekoak izanik ere, plater bati nortasun aldaketa ematen omen dio. Beharbada norbaitek nahiago luke karabinero eder batzuekin gozatzea gisatua, ganba xume batzuekin baino; baina detaile horrek dastatzearen beste bide batetik eramango du bazkaltiarra. Platera desbirtuatua geratuko litzateke. Gainera ezingo genuke jakin zein gustua edukiko luke oilaskoa ganbekin egindako elkarketak.
Ipuinak osagarri ezberdinekin sukaldatzen dira. Kontalari bakoitzak bere errezetak prestatuko ditu, esatearen sukaldari gisa. Inoiz han edo hemen jasotako ipuinaren errezeta izango du esku artean, edo ezpain artean, eta horren prestatzeaz egingo du gogoeta; betiko moduan egin ala berrikuntzak gehitu? Osagai tradizionalei eutsi ala eragin berriei lekua eman? Tradiziotik jasotako ipuinak errezeten antza dute.
Aspalditik ekarritako herri sorkuntzak dira, egile ezagunik gabekoak, zapore berezkoak, beren prestatze eta aurkezte bereziarekin, lekuan lekuko aldaerekin. Dena dela, errezeta horiekin bezala, ipuinetan ere kontalari bakoitzak bere bertsioa izango du, baina beti ere batean zein bestean, osagarrien gaineko ezagutza ezinbestekoa da, zein noiz eta nola erabili ez da txatxetakoa. Ez baitira berdinak ganba bat, zigala edo karabineroa.