GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Infantilizatzea ez ei da txarra

Andrazkoon kasuan, ez nagusitan ez gaztetan, infantilizatzea ez da tratu txarra, gauza arrunt eta normala baino: hartz maitagarriak, katu sinpatikoak, igel graziosoak, elefante arrosak...

Goizero-goizero entzuten dut iragarki bat irratian: pertsona nagusiak infantilizatzea tratu txarra da. Eta egia da. Urteetan aurrera egin ahala, askotan ematen du kontrako norabidean gabiltzala eta nagusi izatetik umetzat jotzera salto txiki bat baino ez dagoela. Baina tratu modu hori beste batzuok jaiotzetik hil arte pairatu behar izaten dugu.

Txikitan amak jantzi polit-politak egiten zizkidan, neskato txikientzako modan zeudenak: «baberotxo» bat aurretik, lazo handi bat atzetik eta gona ponpoxo-ponpoxoa. Arropa horien kontra matxinatzen hasi nintzen arte. Kostatu zitzaidan (eta asko kostatu gainera), baina, azkenik, amak amore eman zuen eta arropa «normala» janzten hasi nintzen.

Hara nire sorpresa egun batean herriko kooperatibara joan eta, bestelako arropa batzuen artean, haurdunaldirako edo premama jantziak ikustean: nik alboratu berri nituenak bezalakoak zirela deskubritu nuen. Emakume nagusiak «baberotxo» eta lazoa jantzita? Ezin nuen sinetsi!

Baina bai, duela 25 urte haurdun gelditzea eta ume bihurtzea, antza, dena zen bat. Bati baino gehiagori ere entzun izan diot -eta denboran ez hain urrun- haurdun zegoeneko sasoian adimenak zelanbait ihes egiten ziola igartzen zuela edo, hobeto esanda, besteek «tontoago» bihurtu izan bailitzan tratatzen zutela...

Baten batek esan lezake orain gauzak asko aldatu direla, ordutik hona emakumeok beste irudi bat, jendartean beste toki bat, esparru publiko zein pribatuan gizonekiko parekoagoak izatea lortu dugula... Sentitzen dut, neskok, baina ez da horrela. Androk ume izateari ez omen diogu uzten sekula.

Sutu egiten nau zerbait erostera joan eta pelutxeak edo bestelako panpinak oparitu nahi izateak, 25, 35, 45 edo 75 urterekin oraindik olgetan ibiliko bagina moduan. Eta orain, Gabonak gainean dauzkagula, hobe oparien inguruan berba ez egitea: emakumeentzako erregaluak «dibertigarriak» izan behar dira, zeren eta, mundu guztiak dakienez, gure «gogotxu txolinetan» ez baitago gauza sakon edo burutsuetarako tarte handirik.

Oso adierazgarria da, era berean, marrazki bizidunez «apaindutako» barruko arropak edo pijamak topatzea edozein dendatan. Power Ranger jantzita lo egiten duen 10 urtetik gorako gizonik ez dut aurkitu nik; momentura arte, behintzat. Baina guk, bai, antza; gu infantilizatzen saiatzea zuzena omen da.

Goizero-goizero entzuten dudan iragarkian agertzen den pertsona nagusia gizonezkoa da eta gizonezko horrek lehen errespetatzen zutela kontatzen digu. Iragarkia asmatu dutenek aukera zeukaten andrazko bat berbetan agerrarazteko, baina ez. Andrazkoon kasuan, ez nagusitan ez gaztetan, infantilizatzea ez da tratu txarra, gauza arrunt eta normala baino. Hartz maitagarriak, katu sinpatikoak, igel graziosoak, elefante arrosak... haur mundu horretara kondenaturik, zer errespetu espero genezake guk geure bizi osoan zehar?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo