GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Avironek lehen postua izango du jokoan

J.L.

Avironek 20.45etik aurrera jokatuko du Londresen, London Waps taldearen aurka. Zuri-urdinek garaipena lortuko balute, sailkapeneko lehen postuan jartzeko aukera izango lukete, eta pasa den astekoa ikusita, badirudi hori lortzea posible dela.

Lapurtarrak talderik onenarekin doaz. Ingelesei irabazteko aukerarik badela ikusi zuten joan den larunbatean, eta ilusio horrekin joan dira Ingalaterra aldera. Atzo goizean iritsi ziren, eta ikaragarrizko hotza aurkitu zuten han.

Gaur gauean ere hotz egingo duela dirudi, baina horrek ez du izan behar Londoni aurre egiteko aitzakia. Atzo egin zuten azken entrenamendua Ingalaterran bertan, eta Christian Lanta eta Christophe Deylaudde entrenatzaileek gaur gauean zer hamabostekoa zelairatuko den argitu zuten. Honako hau izango da, hain zuzen: Spedding, O'Connor, Rokocoko, Ahotaeiloa, Heymans, Potgieter, Phillps, Haare, Puriceli, Bernad, Chisholm, Senekal, Boyoud, Arganese eta Igiñiz. Manukula, Lafond, Tialata, Boutaty, Marmouyet, Garcia, Mazars eta Lacroix aulkian geratuko dira. Partida Andrew McMenemy eskoziarrak zuzenduko du.

Sailkapenari begira jarrita, talde bakoitzak hiruna partida jokatu ditu, eta bina partida irabazi eta bana berdindu dute, pasa den astean elkarren aurka Baionan jokatu zutena. Ezberdintasuna, ordea, puntu gehigarrietan dago, ingelesek bi lortu dituztelako, eta lapurtarrek bakarra. Horregatik une honetan puntu bat gehiago dauka London Waps taldeak.

Garbi dago lehen postuaren lehian bi talde hauek ibiliko direla, hirugarrenak ia ez baitauka aurrera egiteko inongo aukerarik. Beraz, gaur garaipena lortzen duen taldeak hurrengo fasea jokatzeko txartela poltsikoan izango du, eta hori badakite lapurtarrek. Berdinketarekin, aldiz, denak berdin jarraituko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo