GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etorkizuneko estrategia finkatuko dute Ikasle Abertzaleek Biltzarrean

Atarrabian egingo dute Ikasle Abertzaleek berebiziko garrantzia izango duen Biltzar Nazionala. Ostiral eta larunbatean, ikasle sindikatuak etorkizuneko estrategia finkatu, eguneroko jokaerak zehaztu eta bake prozesuan jokatuko duen papera erabakiko du.

p020_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Euskal gatazkaren garai historiko honetan, alderdi, sindikatu eta mugimendu sozial ugari berrantolatzen ikusi ditugu oso hilabete gutxian. Asteburu honetan Ikasle Abertzaleek (IA) zeharkatu beharko dute beren Rubikon propioa. Etorkizuneko estrategia definituko dute ostiral eta larunbatean Atarrabian egingo duten Biltzar Nazionalean.

«Berebiziko garrantzia» dauka zitak, antolatzaileek esandakoaren arabera. Asteburu honetakoa ez da ohiko biltzarra izango. Mugarria behar du, urteetan zehar garatu beharreko estrategia zehaztu eta horretarako erramintak prestatu beharko dituzte Iruñerriko herrian batuko diren 700 gazteek.

Egoera politikoaren gaineko hausnarketa urtarrilean hasi zuten IAko kideek. Orotara, 90 bat ikastetxetan izan dira eztabaidak, baita EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta UPNAko campusetan. Egoeraren analisia egiteaz gain, ikasle sindikatuko militanteak etorkizunari begira jarraitu beharreko estrategiari buruz mintzatu dira, zenbait estrategia definituz eta bozkatuz. Zuzendaritzakoak «oso pozik» agertu dira ikasleen aldetik jasotako erantzunarekin eta egindako ekarpenekin, «euren inplikazioa argi adierazten duelako».

Hezkuntzatik harago

Ikasle Abertzaleen estrategia berri honetan, ikasle sindikatuak «izaera globalagoa izango du, hau da, ez da soilik euskal herriko eskola lortzen saiatuko, helburu ezberdinak izango ditu», zuzendaritzakoek argitu bezala.

Esan bezala, ikasle problematika horretaz harago joango da IAren proiektu berria. Alde batetik, hezkuntza arloaren osotasunean lan egingo du, ikuspuntu globalarekin. Horretarako, zenbait eragilerekin aliantza puntualak izango ditu, hala nola LAB edo STEE-EILAS sindikatuekin, Sortzen Ikasbatuaz erakundearekin edo Ikastolen Elkartearekin.

Estrategiaren bigarren ardatz berria erakundeak bake prozesuan izango duen eginkizuna izango da. Orain arte, IAk hezkuntzaren esparrura mugatu du bere lana. «Hemendik aurrera hori aldatu egingo da. Betiko jarduerez gain, arlo nazionalean ere arituko gara, hiru arlo nagusiotan: eraikuntza nazionala, eraldaketa soziala eta gatazkaren konponbidea», argitu dute zuzendaritzako kideek.

Urte berriak agenda nabarmen estutuko du

Aipatu bezala, Ikasle Abertzaleak erakundearen estrategia berrian aliantzak jostea ezinbestekoa izango da, gehienbat etorkizunerako lankidetza prestatzerako orduan. Bide horretan, IAk kontaktu erronda martxan jarriko du urtarriletik aurrera alderdi, sindikatu, erakunde eta eragile sozialekin, euren egoera ezagutzeko eta baterako proiektuak posible diren ikusteko.

Alderdi politikoekin batuko dira lehendabizi. Zuzendaritzak argitu zuenez, soilik EAJk eta EH Bilduk onartu dute IArekin batzea. «Berebiziko garrantzia» izango du jeltzaleekin izango duten bilerak, EAEko Hezkuntza Sailaren proiektua definituko duelako Lakuako hurrengo gobernuak.

Sindikatuekin ere zenbait batzar izango dituzte. LABekin dauka lehentasunezko erlazioa IAk: «Bai, guretzako erreferentziazko sindikatua da. Are gehiago, Ainhoa Etxaide hamabost egunean behin batzen da gurekin». STEE-EILAS sindikatuarekin ere zenbait akordiotara heltzea espero da.

Bestelako eragileekin ere batuko dira IAko kideak. Sortzen Ikasbatuaz elkartearekin eta Ikastolen Elkartearekin, esaterako. M.P

ERAGILE GLOBALA

Ikasle problematika lantzen duen ikasle sindikatua izatetik, hezkuntzan, eta oro har, nazio mailan eragingo duen erraminta bihurtuko da Ikasle Abertzaleak erakundea, militanteek hala erabakita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo