GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arabako aurrekontuak onartzeko proposamena bidali dio EAJk De Andresi

Javier de Andresi Arabako Aldundiko aurrekontuak onartzeko proposamena igorri zion atzo EAJk. Modu honetan, PPri 2013ko aurrekontuak onartzeko atea zabaldu diote jeltzaleek.

GARA | GASTEIZ

EAJk Arabako Aldundiko aurrekontuak onartzeko proposamen «zehatz eta errealista» bidali dio Javier de Andres (PP) ahaldun nagusiari, negoziazioari ekin ahal izateko.

Arabako Batzar Nagusietako EAJren eledun Ramiro Gonzalezek azaldu zuenez, jeltzaleek 2013ko aurrekontu proiektutik zein partida murritz daitezkeen zehazten duen zerrenda igorri dio De Andresi. Horrela, EAJk aurkeztu dituen zuzenketak gauzatu ahalko lirateke. Hain zuzen, guztira bost milioi euroko kostua dute zuzenketok.

De Andresek asteartean esan zuenez, ez du aurrekontu proiektua atzera botatzeko asmorik, eta oposizioko taldeekin negoziatuz akordio bat lortzeko itxaropentsu agertu zen. Horregatik, taldeei eskatu zien adostasunaren aldeko «benetako borondatea» erakusteko.

Horri erantzun zion EAJk. Gonzalezek azaldu zuenez, jeltzaleen proposamenak udalen finantzazioaren legea betetzen du, euskara sustatzeko politikak mantentzen ditu, Araban enplegua sortzeko programak bultzatzen ditu, Forondako aireportua sostengatzen du eta 2012ko aurrekontuetan elkarteek eskuratzen zituzten diru laguntzak bere horretan uzten ditu.

Joan den astean De Andresek ezetza eman zion, ordea, EAJrekin negoziatzen hasteko proposamenari, «baldintza horietan hitz egiten hastea ezinezkoa» zela-eta, kopuru horiek nondik atera daitezkeen zehaztu ezean.

«Gaur bertan [atzo] helaraziko diogu bost milioi horiek lortzeko murriztu daitezkeen partiden zerrenda. Gure proposamenean, enplegua mantentzeko eta herrialdeko gizarte talde ugariren lanari eusteko erabakigarriak diren partidetara bideratu nahi ditugu», gaineratu zuen Gonzalezek.

PPk 16 eserleku baino ez ditu Arabako Batzar Nagusietan eta beste alderdiekin akordioak lortu beharrean dago. Gutxienez beste alderdi baten babesa beharko luke aurrekontuak onartu ahal izateko. EAJk hamahiru eserleku ditu, Bilduk hamaika, PSEk bederatzi eta EBk bi.

Asteartean bertan, EH Bilduko kideek Gasteizen egindako agerraldi batean EAJren eta PPren arteko akordioa gauzatzeko arriskua zegoela nabarmendu zuten. Azken asteotan, eskuineko bi alderdiek akordioak lortu dituzte, Kutxabanken edo Vital Kutxan indarrak batuz.

Horiek horrela, Belen Arrondok eta Josu Estarronak nabarmendu zutenez, EH Bildu da egun Araban PPren politika gelditzeko borondatea eta ahalmena duen indar politiko bakarra. «Mahai gainean jartzen ditugu gure bozak PPk Araban gobernatzen ez jarraitzeko. Badirudi EAJk ez duela helburu bera», gaineratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo