GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ezohiko albiste ona Auzitegi Nazionaletik

Ez da ohikoa Madrilgo Auzitegi Nazionaletik albiste onik iristea. Aitzitik, hainbat euskal herritarri ezarritako kartzela zigor luzeen berri iritsi izan da gehienetan, are euskal prozesu politikoa abiatu ondoren ere. Atzo, ordea, albiste ona iritsi zen Euskal Herrira. Albiste ona baita, inondik ere, beren jarduera politiko eta publikoagatik auzipetutako sei gazte absolbitu izana. Eta espero izatekoa litzateke aurrerantzean izango diren antzeko epaiketak horrelakoxe ebazpenekin bukatzea. Esan liteke, beraz, Hernaniko eta Urnietako gazte horien auzia ondo bukatu dela; hala ere, ezin da ahaztu -are gutxiago eurek- zer jasan duten 2009ko martxoaren 31n atxilotu zituztenetik: polizia-etxean bakartuta, epaiketan esan zutenez, jasan zituzten tratu txarrak eta torturak, haietako batzuek kartzelan emandako denbora eta denek ere, hala nola joan den urrian fiskalak akusazioa kendu zien laurek bezala, epaiketaren zain igarotako denbora, hiru urte eta erdi, hain zuzen. Albiste ona, baina hori guztia ordaintzen ez duena. Oraindik badira dozenaka gazte eta beste lagun asko epaiketaren zain, atzo absolbitutakoak bezala proiektu politiko batekin duten konpromisoagatik, inongo deliturik egin gabe baina kriminalizazioaren biktima, Hernaniko eta Urnietako gazteek jasan duten zigor berbera jasaten ari direnak. Atzoko epaiak prozesua oztopatzeko dinamikaren etena izan beharko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo