GARA > Idatzia > Mundua

Putinek «atzerriko eraginik gabeko errusiar erako demokrazia» aldarrikatu du

GARA | MOSKU

«Errusiak demokrazia du aukera politiko bakarra», adierazi zuen atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteak Kremlinera itzuli denetik nazioaren egoerari buruz aurkezten duen lehenengo txostenean.

«Mundu osoan onartzen diren printzipio demokratikoekin bat gatoz, baina errusiar demokrazia herri errusiarraren indarra da, bere tradizioarekin, ez atzerritik inposatu nahi dizkiguten arauekin», nabarmendu zuen Parlamentuaren aurrean. Putin sistema politikoaren alde agertu zen, eta borroka politikoa «elkarrizketa zibilizatzailearen bidez» egitearen alde ere bai, baina kanpoko eraginak gaitzetsi zituen.

«Bere jarduera politikoagatik kanpotik dirua jasotzen duen pertsonak, eta horregatik, hain zuzen, segurenik atzerriko interesen alde lan egiten duenak, ezin du Errusiar Federazioko politikari izan», adierazi zuen.

Putinek askatasuna murrizten duten hainbat lege onartu ditu Kremlinera iritsi denetik. «Kanpoko eragina, zuzena edo ez, onartezina da», jarraitu zuen. «Putinen hitzak oso politak eta zuzenak dira, baina errealitatetik eta Poliziaren jardueratik oso urrun daude», esanez kritikatu zituen hitzok Sergei Udaltsov oposizioko kideak.

Bestalde, Errusiako ekonomia suspertzeko eta berdintasun soziala sustatzeko helburua duela adierazi zuen presidenteak. Horrela, luxuzko ondasunen, etxebizitzen eta autoen gaineko zerga iragarri zuen 2013rako.

Ondasun handiei zergak jartzeko asmoa eztabaidan dago errusiar gizartean duela hainbat hilabete, baina orain arte ez dute horretarako urrats zehatzik egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo