GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Joseba Egibarrek atzerako ispiluari helduta erantzun dio Julen Arzuagari

p007_f01_097x128.jpg

Iker BIZKARGUENAGA | GASTEIZ

EAJ eta Euskal Herria Bildu dira lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztu duten bi taldeak, eta horregatik, eta Ganberako ordezkaritza nagusia beraiek dutelako, Julen Arzuaga eta Joseba Egibarren hizketaldiek ikusmina sortu zuten atzo. Beren hautagaien gobernu-programaren defentsan eta aurkakoaren kritikan eztabaida egongo zela espero zitekeen, baina ika-mika ez zen uste bezalakoa izan. Alde batetik, eztabaidaren egituraketak ez zuelako lagundu. Egibarrek, bai, Arzuagari segituan erantzun ahal izan zion, eledun abertzaleak bukatu orduko hartu zuelako berak hitza. Baina EH Bilduren erantzun txanda heldu zenerako, bi lehendakarigaiek eta gainontzeko taldeetako bozeramaileek hitz egin zuten. Eta zaila da horrela eztabaida bizi-bizia mantentzea.

Gainera, Iñigo Urkulluk ez zuenez gobernu-programarik aurkeztu, Egibarrek ezin zezakeen haren defentsarik egin. Eta, ordu erdiko txanda betetzeko xedez, parlamentari jeltzaleak atzera begirako hizketaldia egin zuen, uneoro atzerako ispiluari helduta. «Iraganaz hitz egin beharko dugu», esan zion bere bigarren txandan Laura Mintegiri, baina, iraganaz bakarrik mintzatu zen, ia, EAJko ordezkaria.

Besteren artean, Juan Karlos Ioldi preso politikoak 1987an Parlamentuan bertan egindako hizketaldia oinarri hartuta, Euskal Herria Bilduko hautetsiei «poltronetara ongi etorriak» direla esan zien, eta, pixka bat atzerago joz, Xibertan izandako eztabaidetan EAJk arrazoi izan zuela adierazi zuen. Arnaldo Otegiren elkarrizketa-liburuko pasarte batzuk ere aipatu zituen -Egibarrek Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezen askatasuna eskatu zuen-, eta, elgoibartarra parlamentari zeneko garaia gogoan hartuta, ezker abertzaleak Ibarretxe Planarekin izandako jarrera kritikatu zuen.

Inbestidura saioa zenik ez zuen ematen EAJren bozeramailearen hitzaldiari erreparatuta, eta honek minutu gutxi batzuk bakarrik eskaini zizkion Laura Mintegiren proposamenei. «Hiru minutu», Mintegik berak geroxeago nabarmendu zuenez.

Saio monografikoa

Arzuagarena bai, inbestidura saio bateko hitzaldia izan zen, eta hainbat proposamen bota zituen parlamentari arabarrak. Besteren artean, Parlamentuan bakearen eta konponbidearen gaineko saio monografiko bat egiteko asmoa adierazi zuen. «Eskubide osoz eta geratzeko etorri gara», aipatu zuen Arzuagak bere hizketaldiaren hasieran, ilegalizazioen aroa bukatu dela azpimarratu ostean. EH Bildu Ganberan «beste estilo bat» ezartzera heldu dela gaineratu zuen, «bloke monolitiko eta monokordearen kontrapuntua izateko». Iñigo Urkulluk goizean egindako diskurtsoari «zehaztasun eta ilusio» gabekoa iritzi zion, eta bere alderdiak herri honek egun bizi duen egoeran duen ardura mahai gainean jarri zuen. Aurrera begira, EAJren Gobernuak orain arteko murrizketetan sakonduko duela iragarri zuen, eta buruzagi jeltzaleari galdetu zion zergatik ez zuen aipatu azpiegitura erraldoiek herri honi dakarkioten kostua.

EAJri, zerga-politika aurrerakoia ezartzearen kontra egotea, Gipuzkoako instituzioetan utzitako herentzia ekonomikoa eta Kutxabanken egindako kudeaketa aurpegiratu zion Arzuagak, eta, aldiz, goizean Parlamentuko kanpoaldean elkarretaratzea egin zuten langileak gogora ekarrita, EH Bildu horiekin dagoela adierazi zuen bozeramaile abertzaleak. «Pobrezia biolentzia da -gaineratu zuen-, hori da jendartearen ardura nagusia eta horri erantzun behar diogu».

Eredu politikoari dagokionean, «inolako bortizkeriarik» eta «inolako inposiziorik» onartuko ez duen eredu baten alde egin zuen, eta PSE zein PPri jarrera aldatzeko galdegin zien. Urkulluri ETAk ekintza armatuak betiko eten arren herri honetan bortizkeria egon badagoela gogorarazi zion, eta, besteak beste, oraindik ere «salbuespen neurriak, politikari presoak eta preso politikoak» daudela salatu zuen.

Aurrera begira, EH Bilduko kideak egungo markoa gainditu eta «etorkizunari lastarik gabe heltzeko tresnak» eskuratzeko beharra nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo