GARA > Idatzia > Kultura

Oasi bat

Horrelaxe entzun nuen telebistan: euskal kulturaren oasiaren emaitzak prentsatu baina hobeak izan zirela. Pentsatu baino gehiago saldu zela Durangon, alegia.

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Orain badakigu, oasi baten tamainako arrainak gara gu. Noski, ez dago gaizki, arrainontzi edo igerileku batean bizi direnekin alderatuta. Oasia leku erosoa da, tamaina ederrekoa. Batzuetan abenturaz betetako itsaso batean zaudela pentsa dezakezu eta beste batzuetan bainuontzi baten babesean. Baina inork irudikatzen al du bale bat oasi batean? Hain muturrera joan gabe, inork ikusi al du inoiz hegaluze bat oasi batean? Geu ez gara horrelakoak, geu harrapari handien (krokodiloak kasu) beldur diren oasi bateko pisu ertaineko arrainak gara. Hori da gure tamaina. Urtean behin, Durangon, hainbat jenderen ahaleginez, burutzen den oasi baten tamainakoak. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Horrelaxe entzun nuen telebistan igande arratsean: euskal kulturaren oasiaren emaitzak pentsatu baina hobeak izan zirela. Pentsatu baino gehiago saldu zela Durangon, alegia. Eta oso ongi dago: lan egiten duenak bere ordaina jaso behar du. Baina badago berri bera beste modu batera azaltzerik: basamortu krudel eta gordinean akitzearekin borrokan hilabete luzeak eman ondoren, azkenean oasira -bide osoan topatuko duen oasi bakarrera- iritsitako karabanak gamelu asko salbatu ditu. Eta, gainera, ez zuten espero! Zorionak, beraz; iaz adina gamelu salbatzeko gai izan gara. Poztekoa ala larritzekoa?

Etorri da argazkilari atzerritar bat, oasia lepo dagoen egun horietako batean eta argazkia atera du. Eta pentsatu du euskaldunak munduko jenderik zoriontsuena garela halako oasi ederra daukagulako; ez du ulertzen zertan aritzen garen marmarka. Arrazoi du, baina oasi bat besterik ez da. Egonaldia bukatuta, karabana gidari on guztiek dakiten moduan: hautsa, eguzkia eta beroa. Musikari lagunok ongi bete al dituzue kantinplorak? Nahiko indartu al zarete zeharkaldi arriskutsuari aurre egiteko?

Urtero basamortuak metro bat egiten omen du aurrera eta oasiek tamaina berean egiten dute atzera. Hortik atera kontuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo