GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josu Gil Zangitu, Nerea Arrizabalaga Badiola Baserritarrak

Lurra ez da gurea! Gu gara lurra!

Testu hau ondo hasteko argi utzi nahiko genuke, gu lurrarekin kontaktuan eta lurretik bizi nahi duen gazte talde bat baino ez garela. Nekazaritzan sinesten dugun gazteen arteko ezagutza eta gai honen inguruko eztabaida sortzea da gure nahia. Horregatik denok elkartzeko egun bat proposatu nahi genuke, abenduak 15 larunbata Soraluzeko Gaztetxean, non gure artean ezagutzeko eta ondo pasatzeko aukera izango dugun.

Lurra ez da gurea! Gu gara lurra! Diruak agintzen duen gizarte honengan ez dugu sinesten.

Baserriak diru gutxi eta aberastasun handia eskaintzen dizkigu. Horregatik maite dugu, bizitzaren aldekoa delako, natura- ren baitan bizitzera gonbidatzen gaituelako; nahiz herrian, nahiz baserrian; neguan lasaiago, udan biziago; sasoian sasoiko elikadura, sasoian sasoiko bizimodua.

Herri honek momentu historikoa bizi badu, bere buruaren jabe izan nahi badu, bere elikaduraren jabe ere izan beharko du. Euskal Herrian baserria eta baserritarrak behar ditugu eta zaindu egin behar ditugu, duintasunez iraun nahi badugu behintzat. Baserria behar dugula sinesten dugu eta gaur egungo egoerak eta beste hainbat faktorek arrazoia eman digute.

Gaur egun nekazaritzak eskaintzen digu autosufizientzia, elikagaiak sortzen ditugu eta elikagaiek bizitza eta osasuna ematen dizkigute. Zer gehiago nahi dugu? Baserritar askoren ahotan entzun dugu honek ez duela etorkizunik, eta baieztapen horrekin bat egin ez arren, ulertzen dugu. Baserritarren bizitza orokorrean gogorra izan da, gure amama-aittittek benetan sasoi beltzak bizi izan zituzten... guk imajinatu ezin dezakegun bizimodua, bizirauteko gau eta egun lan egin beharra.

Nekazaritza politikek baserria galbidera eraman dute. Hori dela-eta, ulertzekoa da hau bukatu dela esatea. Guk ostera, eskarmentu gutxi eta ilusio asko daukagunok, hau oraintxe hasi dela diogu. Bizitzak buelta asko ematen ditu. Baserritik kalerako joera kaletik baserrirakoa bihurtu da. Gure sustraiak galdu genituen, eta orain sustraien bila goaz berriz, lur honi gogor eusteko.

Beste bizi-eredu bat aldarrikatzen dugu, beste nekazaritza eredu bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo