Barne kontseilari katalanaren dimisioa ez onartu izana, haren azalpenak baino ulertezinagoa
Zalantza gutxi dago azaroaren 14ko greba orokorraren egunean Bartzelonan, eta zehazki Ester Quintana zauritu zuten orduan eta lekuan ere, Mossoek gomazko pilotak jaurti zituztela. Zalantza gutxi, Generalitateko Barne kontseilari Felip Puigek gertakari haren gaineko azalpenak ematera agertu zenean, gezurra esan zuela, edo gutxienik Mossoen jokaera «bikaina» zuritzen saiatu zela. Hala ere, Artur Mas presidenteak ez du haren dimisioa onartu, baina bai Mossoen komisario arduradun Sergi Plarena. Ulertezina da bai Puigek karguan segitzea, bai Plak uztea; izan ere, egun hartan Mossoen jokaera «bikaina», edo besterik gabe zuzena, izan balitz, lekuz kanpo legoke dimisio hori. Eta hori onartzeko motiborik badago, are gehiago Barne kontseilariari bere kargua utzarazteko, Mossoen arduradun politiko gisa eta gertaera hartaz emandako azalpen faltsuagatik.
Alderdi guztiek, CiUk eta ERCk izan ezik, Puigen dimisioa eskatu dute. ERCren ustez, nahikoa da komisario arduradunaren dimisioa Polizia horren metodologian aldaketak eragiteko. Jarrera hori CiUrekin hasi dituen negoziazioek azaltzen dute; nolanahi ere, aldarrikatzen duen aldaketak Puigen dimisioarekin hasi beharko luke.