Salmenta jaitsi egin da Santa Luzia ferian, ez ordea kalitatea
Kalitatezko eta bertako produktuak sustatzen dituzte Urretxun eta Zumarragan ospatzen den Santa Luzia azokan, eta apustu horren emaitza gero eta gehiago nabaritzen dute. Bestalde, krisiak eragina du salmentetan eta jende gutxiago bildu da ferian. Orokorrean azoka guztietan gertatzen ari den bezala, bisitariak gero eta beranduago etortzen dira.
GARA | URRETXU-ZUMARRAGA
Urretxu eta Zumarragan, baita inguruko herrietan ere, egutegian markatutako egun bat izaten da Santa Luzia. Gipuzkoako feriarik garrantzitsuenetakoa ospatzen da abenduaren 13an eta jende ugari biltzen da beti. Gaur egungo krisi egoeraren eraginez, salmenta gutxiago izan zen atzo. «Ikusle feria da hau, traturako feria gutxi dago», zioen ganaduzale batek. Zaldiak izaten dira bereziki ikusgai eta salgai egun honetan eta animalia ikusgarriak erakutsi zituzten beste behin.
Lehendabiziko orduek utzi zuten sentsazioa azokan beste urte batzuetan baino jende eta ganadu gutxiago ibili zela izan zen. Mugimendua ere geroago hasi zen, 11.00 aldera. Ganadu erakusketan postu batzuk hutsik gelditu ziren eta orokorrean ganadu buru gutxiago izan zen.
Animaliak ez ezik, bertako eta kalitateko produktu anitz zegoen 470 postutan banatuta: gazta, eztia, jantziak, fruitu eta barazkiak, artisauen lanak... Talogileen inguruan ilara luzeak sortu ziren; lagun talde eta familia ugarik jan zuen mokadu goxo hau hamaiketakoa egiteko.
Sarituak
Urretxuko eta Zumarragako udalek sariak banatu zituzten eguerdian haizeak astindutako Areizaga-Kalebarren plazan. Sarituetako anitzek aski ongi ezagutzen dute Santa Luzia feria, fruta eta barazki txapelketetan sariak errepikatu zituzten Maria Etxezarreta eta Anttoni Murgiondo gabiriarrek, adibidez.
Eztirik onena Anastasio Mujika legazpiarrarena aukeratu zuten, eta ganaduetan, Zuatzuko (Arakil) Koldo Lizarralderen haragitarako zaldia, Jose Ramon Peñagarikano gabiriarraren abere taldea, eta Biktoriano Urrestarazu idiazabaldarraren zaldia, behorra eta urteko moxala hautatu zituzten. Pottoken sailean, Zizurkilgo Begoña Ibargurenen zaldia eta urteko moxala, eta ZAPE Zaldibia Aralar Pottoka Elkartearen behorra saritu zituzten. Ohi duten gisan, urretxuarrek lekua izan zuten kapoi lehiaketan, eta arraza arrunteko kapoien atalean sari bana irabazi zuten Jose Luis Elgarrestak eta Mari Lourdes Mintegik.
Urretxuko herrian arrakastarik handiena duen ekitaldian, Manuel Ruiz Arabako Errioxako XXI. ardo dastatze lehiaketan, Artuke upategia izan zen aurreneko saritua, Mañuetakoa bera. Lapuebla de Labarcako Muro upategiak aipamen berezia jaso zuen.
Trikitixa doinuekin dantzan eta txistorra eta talo usain goxo artean eman zuten eguna Goierriko alde honetan. Arratsalde erdirako giroa apaldu egin zen, baina pilota jaialdia izan zen Urretxuko Ederrena pilotalekuan gozagarri: Aritz Lasa eta Arruti Mendizabal III.aren eta Merinoren aurka aritzekoak ziren. Xalak eta Zubietak Martinez de Irujoren eta Merino II.aren kontra jokatu behar zuten ondotik, eta Jaunarenak eta Ceciliok Ezkurdia eta Ladis Galarza izan zituzten lehiakide.
Urretxuko Kultura zinegotziak, Aitor Otegik, herri honetan egiten den Arabako Errioxako Urteko Ardoen Lehiaketa gero eta arrakastatsuagoa dela nabarmendu du. Karpa handi bat jarri zuten atzo eta jendez lepo egon zen.