Zinegin, euskarazko zinema bere protagonistek lagunduta, Hazparnen
GARA | BAIONA
Eihartzea kultur etxeak eta Tattola gaztetxeak Euskal Herrian eta euskaraz eginiko zinemari tokia egin nahian Zinegin euskal zinemaldia sortu dute. Bihar arte «Gartxot», «Bi anai», «Xora», «Gazta zati bat», «Barrura begiratzeko leihoak», «Ziztadak» eta «Bertsolari» ikusteko parada izango da.
Zinegin festibalak amets egiteko parada eskaini nahi die euskaldunei gonbidapena luzatuz: «Haritz Barne zinegelako elkartearen laguntzari esker filmen ikusteko usaia har ezazu, gero eta gehiago izanen baitira. Pario hau egin dugu beraz euskaraz gozatzeko, pentsatzeko, irri egiteko eta amesteko aukera hau balia ezazu!».
Azken hilabeteotan Euskal Herrian produzitu diren film eta dokumentalak ikusteko aukera zabaldu du jaialdiak. «Euskaldunek ulertu dukezute menturaz Zinegin izenburu horrek zer hitz joko duen, beraz hona hemen beste bat: gazta zati batek zabalki xoratu zuen Gartxot bertsolaria, eta haritz barneko bi anaien ziztadak bizidunen hilerriaren barrura begiratzeko leihoak zirela zion. Niri bederen, hori zin egin zidan...» Gaur arratsean hiru emanaldi izango dira. Lehenik «Gazta zati bat», ondoren «Barrura begiratzeko leihoak» dokumentala aurkeztuko dute, eta bertan parte hartu duten bost zuzendarietako batekin elkarrizketa izango da. Gaualdia bukatzeko Kimuak-en film laburrak ikusteko parada izango da.
Biharko emanaldiak «Xora» filmarekin hasiko dira eta Peio Cachenaut zuzendariarekin mintzatzeko parada izango da. Ondoren, Audrey Hocek «Les cimentière des Vivants» filma aurkeztuko du. «Bi anai» eskainiko dute, eta ondoren «Gartxot», Juanjo Elordi errealizadorearekin. «Ziztadak-Tabanos» ikus-entzunezkoaren ondotik eztabaida izango da Iñaki Otamendirekin. «Bertsolari»-ren ondoren bertso-saioa izango da Odei Barroso, Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendirekin.