GARA > Idatzia > Kultura

Talleres de Guernica eta Astra lantegietako behargin ohiak omenduko dituzte Gabonetan

A.H. | GERNIKA

Behin armagintzako fabrika izan zen Gernikako Astra Kulturarako Fabrika Soziala bihurtu da, gertu-gertu dauden Gabonetan ateak irekiko dituelarik. Hori dela-eta, bertako ekimenak kudeatzeko 2007an sortutako Astra Koordinadorak omenaldia eskainiko die Astra-ko zein Talleres de Guernica-ko behargin ohiei.

Fabrika aurrean eta behargin ohiek (gehienak emakumeak) babestuta, iragarri zuten omenaldia Koordinadorakoek: «TdG eta Astra iragana, orainaldia eta etorkizuna dira. Su-armen lantegiak izan ziren, eta orain kultura eta gizarte sorkuntza, eraldaketa eta elkarrekintzarako espazio irekia izango da».

Enpresa horiei esker familia askok aurrera egin ahal zutela gogoratu eta gero, abenduaren 23an egingo den ekimenaren berri eman zuten: omenaldia Astra Koordinadorak eta Gernikazarra Historia taldeak antolatu dute, fabrikan lan egin zuten hainbatek lagundurik, eta Astran bertan izango da: «Erakustaldiaren eta berbaldi labur batzuen ondoren, hurbilduko diren langile ohien argazki kolektiboa egingo dugu, Astraren fase berri honetan, Gernika-Lumoren alde egin duten lana gogoratzeko eta presente izateko», esan zuten.

80 urtez mundu osoan zabaldu ziren su-armen ekoizlea izatearen ohore zalantzatsua bereganatu zuen Astra fabrikak, 1998an ateak itxi zituen arte. Eraikin abandonatuaren patua 2005eko urrian hasi zen aldatzen, Iparragirre Rock elkartearen lokal zaharretan Gazte Asanbladan bildurik hogei bat gaztek Astra okupatzea erabaki zutenean. 2006an eraikina erosi egin zuen Gernika-Lumoko Udalak: herritar guztiena izatea lortu zuen mugimenduak; handik dator egungo proiektua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo