GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroak egoera ekonomiko eta soziala irauli behar duela aldarrikatu du LABek

Krisi ekonomiko eta soziala direla medio, Nafarroak egoera larria bizi duela nabarmendu du LABek, eta horren adierazletzat jo ditu langabe kopurua eta lan espedienteen ugalketa. Errealitate horri irtenbidea emateko gizarte mugimendua indartu behar dela uste du.

p032_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

Langabeziak eta murrizketek Nafarroa gogor kolpatu dutela ohartarazi zuten atzo Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Igor Arroyo bozeramaile nafarrak. Herrialdean 50.000 langabetik gora daude eta 2012an lan erregulazio espedienteen kopurua bikoiztu egin da, zenbait eskualdetan langabe kopurua hirukoiztu arte. Gainera, 7.000 pertsona inguru dago diru sarrerak bermatzeko errentarik gabe eta sektore publikoak 2.000 lanpostu galdu ditu, LABek emandako datuen arabera.

Etxaidek adierazi zuenez, herri mugimenduak «UPNren aurrekontu neoliberalak gelditzea lortu du». Hala ere, Yolanda Barcina presidenteak 2012ko aurrekontuak luzatu eta murrizketekin jarraitu nahi duela ohartarazi zuen.

Etxaideren ustez, lorpen handia da hurrengo urteko aurrekontuak gelditzea lortu izana eta horregatik jo zuen ezinbestekotzat gizarte mugimendua are gehiago indartzea. Ildo horretan, Gobernuaren politikei aurre egingo dieten bestelako ekimenak garatzea beharrezkoa dela gaineratu zuen Arroyok.

Bost ildo nagusi

«Alternatiba bakarra dago, eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea. Eta hori Nafarroan mugimendu sozial zabal batek bakarrik lor dezake, gobernu aldaketa eta politiken aldaketa bideratuz», nabarmendu zuten.

Aldaketa sozial eta ekonomikoa lortzeko oinarrizko bost gako planteatu zituzten. Batetik, murrizketei amaiera ematea exijitu zuten. Hori baita, euren ustez, zerbitzu publikoak garatzeko bidea.

Bestalde, langabeziak goranzko etengabeko joera duen honetan, kalitatezko enpleguaren defentsa indartu behar dela adierazi zuten. Era berean, Nafarroako hitzarmen kolektiboak defendatzeko deia luzatu zuten.

Gainera, herritarren hitza eta erabakiak kontuan izango dituen eredu baten alde egin zuten. «Lan harremanak eta bizitza politiko zein soziala demokratizatu beharra dago», azpimarratu zuten. Azkenik, planteamendu horiek guztiak gauza daitezen, nahitaezkotzat jo zuten gobernu aldaketa bat.

Aldarrikapen hauek azaleratzeko LABek hurrengo egunetako mobilizazioetan parte hartuko duela jakinarazi zuten. Lehen deialdia bihar izango da Iruñean, Herri Ekimenak deituta; astelehenean hurrengoa, ELAk eta LABek deituta, Osasunbidean.

mobilizazioak

Bi mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen LABek: bihar Herri Ekimenak antolatuta Iruñean egingo den manifestazioan, eta astelehenean Osasunbidean egingo den elkarretaratzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo