Lurrak galtzeko zorian dagoen artzain bati sostengua eman dio ELBk
A.M. | DONAIXTI
Gaur goizean Donaixtiko emakume artzain baten eta bazkarako erabiltzen dituen lurren jabearen arteko auzia aztertuko dute Baionako Epaitegian. Jabeak bere lurrak berreskuratu nahi ditu proiektu turistiko bat garatzeko.
«Lur horiek laborantzarako» direla deritzo ELB sindikatuak. Gainera, artzainaren egoera «guztiz prekarioa» dela nabarmendu du. Hamasei urte lur sail horiek zaintzen eta ontzen eman dituela dio, eta arditegian inbertsioak egin eta aterpe bat ere eraiki ostean, erretiratzeko hiru urte besterik falta ez zaizkionean kaleratu nahi dutela jakinarazi du. Egoera hori kontuan hartuta, ELBk bere babes osoa eskaini dio artzainari.
Halere, kasu indibidual horretatik harago, sindikatuaren iritziz, «artzain soilen egoeraz gogoeta zabala eman behar da». Neguko bazka bermatze aldera, «hiruzpalau urteko hitzarmenak» egitea proposatzen du, adibidez.
ELBk uste du bakanka jarduten duten artzainek erran behar dutela beren egoera eta dituzten arazoen irtenbidea nola ikusten dituzten, sindikatuen edo esparru horretako egituren laguntzarekin, Administrazioari beren estatusaren berezitasunak onartzea planteatu ahal izateko.