GARA > Idatzia > Kultura

Amaiurko bataila artelan eginik eta musikaz jantzita, San Telmon

San Telmo museoak bat egin du Nafarroako konkistaren 500. urteurrena oroitarazteko ekitaldiekin. Larunbatean «Jançu Janto» antzinako musika eta antzerki ikuskizuna eskainiko da elizan. Xabier Morrasen «Amaiurko bataila» koadroa lehen aldiz erakutsiko da bertan.

p054_f01_148x140.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Galduta zegoen asmatutako artxibo zahar batetik abiatzen da «Jançu Janto» ikuskizuna. 1512 eta 1522 artean inbadituak izan ziren nafarren testigantzak biltzen ditu antzerkia eta antzinako musika uztartzen dituen lan honek eta larunbat honetan San Telmo elizan izango da ikusgai 20.00etatik aurrera. «Historia beti garaileek kontatzen dute eta guk zirrikitu bat topatu nahi genuen, oraindik inork kontatu ez zuen erara konkistatuen historia kontatzeko», esan zuen Miguel Munarriz aktoreak.

«Jançu Janto» Palazioko Musika Kantutegian dagoen konposizio anonimoa da, euskaraz idatzi den zaharrenetarikoa, nahiz eta hitzak ulergaitz egiten diren. «Iritzi zabalduena da kopiatzaileak euskaraz ez zekienez, gaztelerazko hitzak sartu zituela jatorrizko testuan», esan zuen Xabier Amorosek, museoko teknikariak. Historialari batzuen arabera, 1512 inguruko batailetan abesten zen, bere ezaugarriengatik taldean pieza astunak mugitzeko erritmoa ezartzen zuelako.

Ensemble Durendalek musikatuko du ikuskizuna, guztia antzinako instrumentuekin, eta Miguel Munarriz eta Marta Juaniz aktoreek taularatuko dute istorioa.

Ikuskizuna Oliteko Antzerki Klasikoko jaialdian estreinatu zen, baina biharko emanaldiak izango du berezitasunik. Atze-oihal moduan, Xabier Morras margotzen ari den «Amaiurko bataila» koadroa izango baita lehen aldiz ikusgai. Obra handia da, 3,70 metro altueran eta 7,20 zabaleran.

Morrasek Amaiurren gotortuta zeuden nafarrek arerioa bistaratzen duten momentua islatu nahi izan du bere koadroan, gau osoa adi-adi pasa ondoren gerturatzen ikusten dituzteneko une hori: «Gauza bat da zain egotea eta bestea begi bistan ikustea badatozela», esan zuen atzo. Berrehun herritar izan omen ziren bertan eta Morrasek bere egin du koadroa, orduko nafar haiei gertuko dituen jendearen aurpegia jarriz. Bertan dira Pablo Antoñana, Jose Maria Jimeno Jurio, Jorge Oteiza... baita bere emaztea, semeak eta hainbat margolari garaikide ere. «Koadro errealista izatea nahi nuen eta bertan gelditu ziren 200 pertsona haiekin jokatu nahi nuen. Asmatu nitzake aurpegiak, baina 200 aurpegi asmatzea... Nire ustez Nafarroan orain lan horretan ari diren edo aritu direnak sartu ditut».

Hiru urte daramatza Morrasek oraindik bukatu gabe duen koadro honekin eta beste pare bat gelditzen zaizkiola uste du. Ikuskizunaren ondoren, Iruñeko bere estudiora itzuliko da beraz «Amaiurko bataila».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo