Hernaniko Bertsolata aurten Basque Culinary Centerreraino helduko da
GARA | DONOSTIA
Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak antolatuta, Bertsolata izeneko ekimenak zazpi ekitaldi dakartza aurten, eta horietako bat Basque Culinary Centerren izango da.
Sorkuntza formatu ezberdinak eta espazio aniztasuna izango dira aurtengoan ere ezaugarri nagusi, bertsozaleei eskaintza erakargarria eginaz.
Abenduaren 19an, Unai Gaztelumendik eta Ane Labakak parte hartuko dute Biterin egingo den gazteentzako saioan. Hurrengo egunean, aldiz, BCC-k hartuko du bertsoa eta goi sukaldaritza eskola uztartuko dituen «Bertso gutiziak» ikuskizuna.
Horrekin batera, elkarte arteko txapelketa ere nobedadea dugu aurten. Iaz egin zuten lehenengoz, eta aurten Bertsolatako egitarauan dator: Hernaniko elkarte gastronomikoen arteko bertso-lehiaketa; abenduaren 28an izango da. Abenduaren 29an, sorkuntza berezientzako espazioan «Historiaren hari zahar horri» emanaldia egingo dute, Eñaut Agirre, Imanol Kamio eta Aitor Atxegak.