Leitzako Udalak ekimen bat hasi du Nafarroan ikur frankistak kentzeko
GARA | LEITZA
Bai Leitzan, bai Nafarroa osoan frankismoaren makina bat ikur daudela eta hori «oso mingarria» dela kontuan hartuta, erabaki bat hartu du Leitzako Udalak, «frankismoko kriminalek eta bere arduradunek eduki duten zigorgabetasun osoa gogora ekartzen duten» sinbolo horiek kentzeko ekimen bat martxan jartzea.
Abenduaren 7ko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartu zuten Bilduren mozioa. Hemen jasotzen denez, frankismoaren ikur guztiak Nafarroatik kentzeko prozedura abia dezatela eskatuko diete Iruñeko Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioaren Departamentuari, Gobernuaren Ordezkaritzari eta Apezpikutzari. Udalaren zerbitzu juridikoak eta herritarrak ere bultzatuko dituzte ekimenarekin bat egitera.