GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Ulergarria

Ekainean, Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministro Fatima Bañezek pentsioak bermatuta daudela esan zuen. Eta, egia esan, ez du hitza jan. Pentsioak hor daude-eta. Gutxituta, baina hor. Hobe zukeen Bañezek egun hartan berriketan segitu izan ez balu, Rajoyren Gobernuak aurten pentsio guztien balioa handiagotzeko konpromisoa zuela ziurtatu baitzuen. Nolanahi ere, joan den astean, Gobernu espainiarrak ez zituela pentsioak eguneratuko iragarri zuenean, ministro andreak esan zuen: «Ziur naiz pentsiodunek Gobernuaren neurria ulertzen jakingo dutela». Bai ba, ulertu, ulertu dute, baina seguruenik ez zien grazia handiegirik egingo.

Nolanahi ere, herenegun Bañezek argudio sendoak eskaini zituen Kongresuan: pentsioak ez eguneratzeko erabakia «zentzuzkoa» da. Ni neu zer erantzun jakin gabe geratu nintzen. Eta argudio gehiago ere eman zuen: erabaki hori «ez dago ez saihesterik ez geroratzerik», eta defizit publikoa murrizteko premiaren ondorio dela. Horrelakoxe azalpenen zain geunden guztiok, batez ere pentsiodunak, ministro andreari beren esker ona erakutsi beharko lioketenak; esan zuenez, «erabaki zaila» izan da-eta. Zaila, baina «zuhurra». Izan ere, berak pentsiodunen zerbitzuko lan zail eta zuhurrak egiten dituen bitartean, haiek dirua jasotzeko lan erraz eta eroak baino ez dituzte egin behar. Hala ere, nik bezala, ulertu egiten dute.

Kongresuko oposizioko taldeek, ordea, ez dute ulertzen, eta Auzitegi Konstituzionalean dekretu horren aurkako helegitea aurkezteko asmoa agertu zuten. Amaiurrek ezin izan zuen helegitea sinatu, PSOEk, pentsiodunei (eta beste hainbat kolektibori) astinduren bat eman izan dienak, betoa jarri baitzion, «askoren argazkiek oztoporen bat» izaten dutelako, Rubalcabak esan zuenez. Hori ere ulergarria da. Geroa Baik, ERCk eta Compromisek, betoa onartezintzat jota, helegitea ez sinatzea erabaki zuten. EAJk, beti eta beti inoren bazterkeriaren aurka agertzen denak, berriz, betoen edo zentsuren eztabaidak ez diela axola esan zuen, «demagogiaren eta biktimismoaren aurrean, pentsiodunen eskubideak lehenetsi» dituela. Hunkigarria. Eta ulergarria, Iñigo Urkulluren eta Artur Masen diskurtsoak alderatuta prentsa espainiarraren txaloak jaso ondoren, pentsiodunen aldeko ahalegin ikaragarriak alferrik galduko ote dituen errezeloaren ondorio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo