Emakume historialari batek jaso du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuoka Saria
GARA | DONOSTIA
Soledad de Silva y Verastegui historialari gasteiztarrari eman diote Eusko Ikaskuntzaren 2012ko Manuel Lekuona Saria. Sariketa 1983an sortu zuten euskal kulturako pertsonen interes handiko obra osoa (opera omnia) aitortzeko.
Soledad de Silva y Verastegui Manuel Lekuona Saria jaso duen hirugarren emakumea da, Micaela Portilla (1997) antropologoaren eta Menchu Gal (2006) margolariaren atzetik.
Silva y Verastegui Artearen Historian doktorea da Nafarroako Unibertsitatean egin zuen «Iconografía del siglo X en el reino de Pamplona-Najera» tesiari esker, eta honekin, gainera, hainbat sari eskuratu zituen.
Aditu honen ibilbide profesionala irakaskuntzarekin lotuta egon da batez ere. Artearen Historiako irakaslea izan zen Nafarroako Unibertsitatean 1972 eta 1988 urte bitartean, eta ondoren Euskal Herriko Unibertsitatean lan egin zuen. Egun katedraduna da EHUn eta Estatu espainoleko Erdi Aroko Artearen Historia du irakasgai, baita Antzinako Artearen Historia eta Erdi Aroko Ikonografia irakasgaiak ere.
Baina irakaslea izateaz gain, beste arlo batzuetan ere aritzen da Silva y Verastegui. Ikerkuntza historiko-artistikoa burutzen du Erdi Aroko arteari buruz, eta zehazki, Erdi Aroko eskultura erromaniko eta gotikoari eta Erdi Aroko miniaturari buruz.
Bizitza osoan landutako arlo horien guztien fruitu dira hainbat eta hainbat lan argitaratu. Hala nola «Iconografía gótica en Alava» (1987), «La miniatura medieval en Navarra» (1988) edo «El beato de San Millán de la Cogolla» (1999).
Horrez gain, nazioarteko zenbait argitalpenetan parte hartu ohi du eta unibertsitateetan antolatzen diren hitzaldi eta ikastaroetan parte hartzera gonbidatzen dute sarri.
Manuel Lekuona idazlea izan zen Eusko Ikaskuntzaren Saria jaso zuen lehenengoa, eta bere omenez izen hori jarri zioten ohoreari. Ostera sarituen lanbideak eta ikerkuntza arloak askotarikoak izan dira. Hurrengo urteetan saria jaso zuten adituetako batzuk honakoak izan ziren: Justo Garate medikua (1987), Francisco Salinas abokatua (1993), Jorge Oteiza eskultorea (1996), Jose Ignacio Tellechea teologoa (2001), Jesus Atxa Bizkaiko eta Nafarroako ikastolen sortzailea (2003) eta Montxo Armendariz zinemagilea (2008).