GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Europako Kopa

Idiazabalek ez zuen inongo aukerarik izan

J.L.

Idiazabalek 1-10 galdu zuen Volvo taldearen aurka, AMF bertsioko Europako Kopako bigarren jardunaldian. Belgikako taldea lehiaketa hau irabazteko faborito nagusietako bat da, eta gipuzkoarrek ez zuten izan aukerarik.

Hasieratik atera ziren Volvo taldeko neskak norgehiagoka erabakitzeko asmoarekin, eta berehala aurreratu ziren markagailuan, eta lehen hogei minutu hauetan beste lau gol ere egin zituzten, 0-5 aurreratzeko. Hala ere, atsedenera joan aurretik, Ortizek egin zuen goierritarren gola, eta itxaropen apur bat ere piztu zuen euskal jokalarien artean. 1-5eko emaitzarekin joan ziren atseden hartzera, baina gero ez ziren gauzak batere aldatu.

Bigarren zatian, Volvokoek berriro ere ez zuten izan inongo gupidarik eta, ahalik eta gol kopururik handiena sartzera joan ziren. Partida amaitu aurretik, beste bost sartu zituzten, tartean euskal jokalariei keinu itsusiren bat edo beste eginez. Lopez, Aranburu, Ortiz, Unanue eta Aseginolaza izan zen hasierako bostekoa. Alustiza, Aperribai, Ormazabal, Alberdi, Urkia eta Aranburu II.a ere aritu ziren partidan zehar.

Belgika da AMF bertsioan Europan dagoen herrialderik garrantzitsuenetakoa, eta hori argi eta garbi ikusi zen atzo, nahiz eta beste talde batzuk, errusiarrak, esaterako, oso itxura ona ematen ari diren. Txapelketa gaur amaituko dute, eta 13.45ean jokatuko dute, berriro ere Volvo taldearen aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo