Proiektu «sinesgarri» bat eskatu dute Corrugados Azpeitiako langileek
EAEko Auzitegi Nagusiak Corrugados Azpeitiako 60 langile kaleratzeko lan espedientea baliogabetu izana arnasbide bat bada ere, langileek borrokari eusten diote, oraindik ez baitute ikusten enpresaren eta lanpostuen bideragarritasuna bermatzeko inongo proiekturik.
GARA | AZPEITIA
Duela sei hilabete hasitako bideari jarraiki, enpresaren eta lanpostuen bideragarritasunaren aldeko borrokari eutsiko diote Corrugados Azpeitiako langileek. Hori adierazi zuten atzo Azpeitian, EAEko Auzitegi Nagusiak 60 langile kaleratzeko lan espedientea baliogabetu izana baloratzeko prentsaurrekoan. Justiziaren ebazpena ontzat hartu dute, noski, baina gogorarazi zutenez, oraindik ere mahai gainean dituzte lan jarduera eteteko espedientea eta lanaldi murrizketa.
Enpresaren bideragarritasuna bermatzen duen proiektu «sinesgarri» bat nahi dute, Esteban Campos LABeko ordezkariak azaldu zuenez. Proiektu hori negoziazioaren fruitu izan behar dela uste dute. «Ezin ditugu enpresak ezarri nahi dituen neurri guztiak onartu», adierazi zuen.
Hein horretan, zuzendaritzak negoziatzeko benetako borondatea ote duen galdegin zuen. Behin EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena ezagututa, enpresak bost egun ditu errekurtsoa aurkezteko, eta momentuz, ez dago argi zein izango den zuzendaritzaren erabakia. Horregatik, zuhurtzia agertu zuten atzo langileek, sei hilabeteko borrokaren ostean berme guztiak nahi baitituzte mahai gainean.
Erantzun bat jaso bitartean, grebarekin aurrera jarraituko dute langileek. Atzo bertan, gatazkari irtenbidea eskatzeko manifestazioa egin zuten eta hurrengo egunetan mugimendu gehiago egongo direlakoan daude.
Mobilizazio dinamika luzea daramate gainean langileek. «Jendea oraindik indartsu dago, ez gaude asko aguantatzeko, baina momentuz eusten diogu borrokari», nabarmendu zuen Camposek. Hala ere, hilabete hauetan langabezia prestazioaren zati handi bat agortu zaiela azaldu zuen, eta horregatik, geratzen zaiena «arriskatzeko» gutxienez proiektu sinesgarri bat nahi dutela azpimarratu zuen.