GARA > Idatzia > Kultura

Jarduera ezohikoak

Gramatikan oinarrituriko ariketak alde batera utzi eta esanahiari heldu behar zaio, hizkuntza bat erabiltzearen arrazoia komunikazioa baita.

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Azken hamarkadan oso modan jarri da AEBetako goi mailako heziketa erakundeen artean «communicative language teaching» delako teknika. Haren arabera, gramatikan oinarrituriko ariketak eta lezioak alde batera utzi eta esanahiari heldu behar zaio, hizkuntza bat erabiltzearen arrazoi nagusia eta funtsezkoena, azken batean, komunikazioa baita. Zentzu horretan, teknika honek proposatzen dituen ariketak irakaslearentzat adierazgarriak diren gai eta egoeretatik abiatzen dira. «Communicative language teaching» delakoan oinarrituriko testuliburu bat gainbegiratzen ari nintzen duela egun batzuk, eta ariketa bat deigarria egin zitzaidan. Ariketa horren helburua gaztelerazko iragan perfektua lantzea zen, eta horretarako, ikasleari jarduera kopuru jakin bat zenbat aldiz burutu dituen («maiz», «batzuetan», eta «inoiz ez» formen artean hautatu beharra dago) galdetzen zitzaion. Ariketa beraren izenburua «Jarduera ezohikoak» zen, aditzera emanez ikasleak jarduera horietako asko, guztiak ez izan arren, gutxitan egin dituela. Ariketak proposaturiko ezohiko jarduera horien artean baziren batzuk zinez ezohikoak zirenak, baina baziren bi zur eta lur utzi nindutenak: «Ikusi duzu inoiz zuri-beltzezko filmik?» zen bata, «Irakurri duzu inoiz nobelarik?» bestea. Zera pentsatu nuen, txolina izan behar duela batek galdera bati zein besteari «inoiz ez» erantzuteko, baina jarraian bururatu zitzaidan testuliburu hori ez zegoela niri zuzenduta. Eta beldurtu nintzen pentsatuz niretzat adierazgarriak diren jarduerak agian ezohiko bihurtu direla testuliburu egileentzat zein testuliburua bera erabiliko duten ikasleentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo