Joxe Agirre hil da, gazteak liluratu zituen bertsolaria
Joxean AGIRRE
Eguerdia pasatxo zen. Bazkari legea egiteko eseri zen ohean, azken egunotan lepoko minez eta zorabioekin baitzebilen. Arratsalderako plana aipatu zuen: Bizkaiko finala telebistan. Gaur jokatzekoa den lau t'erdiko finala ere izan zuen hizpide, eta alabarekin eta semearekin berriketan ari zela hil zen, ustekabean. 83 zituen. Bertsolaritzak azken mende erdian eman duen ahotsik bereziena zen zalantzarik gabe, Basarrirekin bukatu zen bertsokera baten eredua ikusten baitzuten gazteagoek harengan.
Askok orain hiru urte BECen Maialen Lujanbiori txapela jantzi ondoren kantatu zituen bertsoak izango dituzte gogoan. Berak ere bai. Maiz aipatzen zuen une hori, despedida moduko bat izan baitzen. Baina ez zen Joxe Agirre hain erraz etsitzen zuena eta bertsoaren grinarekin jarraitzen zuen. Orain hilabete gutxi egin zieten berari eta Azpillagari omenaldia Elorrion eta han kantatu zuen. Geroztik bizpahiru saio txiki eginak zituen eta erretiratuen ekitaldietara deitzen ziotenean beti zegoen joateko prest, etxean bi alabak galga ematen saiatzen baziren ere. Bertsoa odolean zeraman. Azken urteotan ondoezik ibili da, oin bateko zuria gaiztotu zitzaionetik batik bat. Baina okerrena gainditu zuela zirudienean hil da.
Oso bertsolari eta oro har sortzaile gutxik izan dute, Joxe Agirrek bezala, belaunaldi gazteagoen mirespenaz gozatuz zahartzeko zoria. Arrazoiak begi bistakoak dira: Joxe Agirre bakarra zen gaurko bertsolaritzaren panoraman, desagertu zen eskola baten oinordekoa baitzen, askotan aipatu izan zen bezala, Basarri aurreko bertsokeraren eredua.
Ahozkoaren grazia
Gaur bertso eskolak aipatzen ditugu hitzetik hortzera eta ikaragarria da mende erdi honetan egin den lana, hedapenean batez ere. Baina izan zen garai bat ia baserri bakoitzean bertsolari bat zegoena, txarra edo ona (oso txarrak askotan); garai horretan bertsoak jolas kutsu gehiago zuen eta jokoa ere bazen, etengabe norgehiagoka ere erabiltzen zelako. Joxe Agirre izan da eredu horren oinordeko: mozketan zen ona, kolpea hartu eta handiagorekin erantzuten.
Baserrirekin, noski, bertsolaritza sagardotegi eta taberna zuloetatik atera zen eta unibertsitateraino iritsi da eta iristeko zorian dago. Dotoretu eta edertu ere egin da, baina, kultura idatzira arrimatu ahala, kutsatu ere egin da, ahozkoaren grazia galdu duelako. Joxe Agirrek ere jakin du, noski, bere ibilbidean zehar gaurko haize berrietara egokitzen, baina bere euskarri nagusia ahozkoa izan da amaierara arte.
Jaio zen baserrian
Orain 83 urte jaio zen baserrian, Izarraitz mendiaren magalean dagoen Orandan, zendu zen atzo. Bi alaba, suhiak eta bilobak utzi ditu. Haiek zaintzen zuten eta haiekin alaitzen zitzaion begitartea inguruan zituenean. 1929ko apirilean jaio zen. Umetatik gordetzen duen oroitzapenetako bat bertsoarekin lotua zen, aitona etortzen baitzitzaion sehaskari eraginez bertso zaharrak kantatzera. Txirrita edo Udarregirenak izango ziren. Aitona horrek berak ere jartzen omen zituen bertsoak; Joxe umea zela elurte izugarri batek etxeko artalde ia osoa akabatu zuenean, esate baterako. Jenioan eta izakeran ere aitona horren aldera atera zen, gogorra eta jenio bizikoa baitzen, sentimenduetan biguna bazen ere.
Lasaoko auzo-eskolan 9 urte zituela hasi zen, baina 11 urte besterik ez zituela utzi zituen ikasketak. Urte horietan ere arratsaldez bakarrik joaten ziren eskolara, eta, etxean lan asko zenean, batere ez. Joxek 14-15 urte zituela hasi ziren inguruko zabalgune batean erromeriak antolatzen, soinu-jotzaile eta guzti, eta bere emaztea izango zena, Maria Luisa, ezagutu eta ezkondu arte ibili zen erromeria giroan.
Sasoi handiko mutila izaki, berehala hasi ziren bere lagunak apustuak antolatzen ere. Auzoko kuadrillen arteko apustuak izaten ziren, lasterka eta aizkoran gehienbat. Beste batekin bikotea osatuz, Yurrebasoren kontra ere jokatua da aizkoran.
Hala ere, bertsolari bezala soilik gogoratuko du geroak Joxe Agirre. Baditu txapel batzuk. Aginagan jokatu zen 1959ko bertsolari afizionatuena izan zen lehengoetako bat. Loiola Irratiak antolatuta 1970ean jokatu zen txapelketa ere berak irabazi zuen, baina txapel gutxi eta saio asko egin dituen bertsolaria izan da. Gerra ondoko bertsolari handiekin (Uztapide, Baserri...) hasi zen kantuan eta gerra ondoko guztiekin ibili da plazarik plaza, bertso eskoletatik atera diren bertsolari gazteak liluratzea lortuz.