GARA > Idatzia > Kultura

Egun-pasa berarekin

Askok orain hiru urte BECen Maialen Lujanbiori txapela jantzi ondoren kantatu zituen bertsoak izango dituzte gogoan. Berak ere bai. Maiz aipatzen zuen une hori, despedida moduko bat izan baitzen.

Joxean AGIRRE | Kazetaria

Orain pare bat hilabete, «Bertsolari» aldizkariko egutegi-agenda berari eskaintzea erabaki genuelarik, egun-pasa bat antolatu genuen, Eskolarteko Txikien Mailako finalistekin Senperen argazki batzuk atera eta Ipar Euskal Herritik itzulia egiteko. Egutegi horretako argazkiak izango dira seguru asko atera zaizkion azkenak. Egia da, zahartzaroak ez zion onik egin Joxeri. Pixka bat petralduta zebilen. Uste dut txaloak faltan botatzen zituela eta lagunartea ere bai. Inoiz amore ematen ikasi gabea zen. Beti lanbide gogorretan aritua, apustuaren kulturan hezia, kosta egiten zitzaion, aitona gehienak egoten diren bezala, bere burua etxean geldirik irudikatzea.

Oin batean ebakuntza egin eta geldirik egotera behartu zutenean ohartu zen ez zuela geldirik egoteko balio. Berarekin egin genuen egun-pasa horretan ere ajeak eta aitzakiak aipatzen zituen etengabe, baina bere betiko umorearen erakustaldiak egiten zituen aldi berean. Ez zen Joxe erretolika luzeen zalea. Bere kontatzeko modua ere laburra zen, hitz gutxikoa. Bertsotan adierazten zuen barruan zuena. Egun horretan ez zuen kantatu, baina bertsotan hitz egiten zuen, edo, zehatzago esanda, puntu motzean, edozer gauza galdetzen geniola ere, puntu batekin erantzuten baitzuen edo birekin. Oso zahar gutxik lortzen dute gazteagoen konpainian protagonista, elkarrizketa guztien erdigune izatea, eta Joxek lortzen zuen oraindik ere. Bertso zaharrak errezitatzen zituen eta tarteka pasadizoak eta txisteak ere kontatu zizkigun, horietatik onenak Xalbadorrenak, haren euskalkia imitatuz kontatuak.

Zerbait zuen, gauza asko seguru asko, maitagarri egiten zutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo