GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Eutsi behiari!

Finantzen mafiaburuen adostasunak sortutako krisi-amak biodibertsitatea ere irauli du; hori iraultza hartu ezin den arren. Hortxe, kasuko, merkatu osasungaitzetik bizi diren bizkarroien eskoadroiak. Edota, kasurako ere, Afrika utzita, gure beheko Estatuko enpresari mafioso baten lorategi transgenikoan bazkatzen aurkitu dituzten elefante eta jirafak. Zaila da, oso, horiek Mediterraneoa pateraz zeharkatzen imajinatzea; animaliez nago orain, argitzearren. Tira! Gernikako arbola ihartua zela gauza jakina zen; ez dakit, berak ere ez honezkero, bedeinkatua segitzen duen, baina segurua da santua ez dela, estalpean astorik ez zegoen beste seguru. Agortua da aspalditik, fruturik eman eta, are gutxiago, zabaldu ezinean; hortaz, gaurkoz, fruitu gehiago ematen du haltzak! kontuak atera!. Baina nago ni, hala eta guztiz ere biziago dirauela arbola horrek bere izena hartu zuen estatutuak baino; izena eta izana, honetan ere.

Bada, haren gerizpean egin berri du zin EHko heren baten lehendakariak, estatutuak dagoeneko gerizarik ez du eta. Zortzi sail izango du gobernuak, zailak izan ere. Hainbeste suge eta zapo batzuen ahoan, orain gutxi, beste batzuek gobernua hartzekotan sailen izenak aldatzeko azaldu zuten nahiaren aurka eta horra! orain haiek aldatu. Ez da gehiago barnekorik izango, Segurtasuna baino!. Uff! Seguruago sentitzen naiz!. Are gehiago elikadura-segurtasuna barne hartuko balu sailak, elikadura-burujabetasunaren bidean, esan nahi dut. Imajinatzen nago sailaren lelo berria: eutsi behiari!, zaharkitua geratu den «eutsi goiari» haren ordez. Eman denbora denborari. Baina hegoko zin egitearen egun berean gatazkaz ari ziren mahaiaren bueltan iparrean. Gero eta argiago dago iparrorratzak zehatz markatzen duela norantza. Kontua da jelkideek behingoz eskutan hartzea orratza, eta Baionako arbolak emana hegoan ere zabaltzea.

Ama, ama! aparteko saria!. Hegoan zenbat buru hainbat aburu!. Erakunde bakoitzak bere irtenbidea, denak konponbidea ez badira ere; hor-konponbide larregi!. Baina argi dago, zirrikiturik benetan bilatzen duenak aurkitu egin dezake saria ordaintzeko, fiskalitatea eraldatzeko, gatazka gainditzeko edo... kasua kasu, paper bat uzteko ere, Arga ibaiaren ondoko harresi baten zirrikitua!. Hamaika (TB) ikusteko gara gero!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo