BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA: MIRIBILLAKO FINALA
Arkaitz Estiballes, berriz txapeldun irabazle asko izan dituen finalean
Arkaitz estiballes, berriz txapeldun, bigarrenez jarraian. Bertso arratsalde ederra atzokoa, apartatzeko moduko ale asko utzi zituena. Goizean zendu zen Joxe Agirre bertsolari handiaren izena oso presente egon zen.
Amagoia MUJIKA
Lehen txaloak Joxe Agirrerentzat. Txalo sentituak, esku zartada indartsuak eta begi hezeak. Finala baino ordu batzuk lehenago zendu zen Azpeitiko bertsolari handia eta bere izena oso presente egon zen Bilbao Arenako finalean. Zortzi finalistek aipatu zuten saioan barna.
Bost mila laguneko plaza beroari kantatu zioten zortzi bertsolariek, eta nola mimatu zuten plaza. Bakoitzak beretik, kolore desberdineko bertsokerak entzun ziren. Gustura barre egiteko bertsoetatik begien ertzera malkoak ekartzen dituzten bertsoetara; eta tartean kabitzen diren guztiak. Kategoriako plaza izan zen Miribillakoa, bertsolariengandik jasotakoa txalo forman gogoz bueltatu zuena. Eta itxaronaldietan olatuak marraztu zituena.
Saioaren lehen zatia polito joan zen, erpin asko marraztu zituen goraka. Eta buruz burukorako txanda iritsi zen. Eta izen asko zebiltzan airean. Eta tokia, birentzat baino ez. Kinielak askotarikoak ziren arren, azkenean faboritoek berea egin zuten eta buruz burukorako txartelak balio zuen adina puntu pilatu zituzten. Igor Elortza eta Arkaitz Estiballes pasatu ziren azken laurdenera.
Bukaera polita
Buruz burukora pasatu zirenean, Igor Elortzak zortzi puntu ateratzen zizkion Arkaitz Estiballesi. Elortzak josketa lan fina egin zuen saio guztian barna eta bakarkako lan izugarri batekin amaitu zuen lehen zatia.
Arkaitz Estiballesek ere goitik egin zuen bidea eta tontor asko ibiliak zituen buruz burukorako txanda iritsi zenerako. Buruz burukoan kartzela eder bat lotu zuen eta hor atera zuen koska. Hiru puntuko aldearekin, txapela Arkaitz Estiballesentzat. Bigarrenez, txapela buru berera.
Hauxe, txapeldunaren agurra: «Prestatu gabe neukan agurra/ rimatu beharko dut hari/ lehenengo ta behin bihotz-bihotzez Karmelo ikastolari/ ta nola ahaztu bertan ikasten dauden Euri eta Maindi/ Anizetori, Kepa Lopari ta baita Jon Enbeitari/ ta Santutxuko bertso eskolari/ gaurko zortzikoteari/ ta bereziki Etxahun Lekueri ta baita Fredi Paiari/ eta nola ez zuri entzule ta Euskal Herri osoari/ gure ondoan dagoenari ta laister egongo denari».
Buruz burukoan, gai benetan polita egokitu zitzaien kartzelakoan: «Bakarrik zaude etxean. Gordeta eduki dozun ardo botila onena ireki dozu». Estiballesek saioan aurretik zekarren egoera bati heldu zion berriz. Hauxe, lehena: «Telefonotik aita Gorka naiz behar nautela atara/ Parot doktrinan errekurtsoa bertan behera dute laga/ eskegi eta despentsarantza/ joan naiz eta Viña Ardantza/ edatea ez da traba/ sakakortxosa sartzearekin batera a ze zirrara/ sofan eseri naiz lasai-lasai ardoa bota kopara/ hainbeste trago txarren ostean/ sentimenduak elkar jostean/ lehenengo trago hau hara/ tragorik goxoena da».
Aipatu bezala, ariketa horrekin jantzi zuen txapela Estiballesek. Izan ere, Elortza hiru puntura geratu zen. Eta hiru puntu, hainbeste aleko saio luze batean, ez da ezer. Elortzak amaierako agurrean garbi utzi zuen gustura zegoela egindakoarekin eta bazuela zer ospatua. Nabarmentzeko aleak asko utzi zituen bidean. Lehen bakarkakoa, apartekoa. Korrikaren lekukoa noiz hartuko jarri zuen gai-jartzaileak eta hauxe, bota zuen bigarrena: «Gau eskolara apuntau nintzen lagun zahar bat bitarte/ aitortu behar dot hona heltzeko nik sufritu dot bastante/ eskutan hartu mila liburu/ ta ezagutu hamaika mundu/ inoz enaz joan aparte/ gaur harro-harro noa korrika/ euskararen militante/ hurrengoari pasatu deutzat oin eurei toketan jake/ ta bardin jataz subjuntiboak/ ta bardinago ergatiboak/ jarraituko dot jotake/ helmugara heldu arte».
Hirugarrena Fredi izan zen. Hirugarren baina txapeldun, eta ez bakarrik txapela etxetik zekarrelako. Bertsozaleak asko gozatu zuen Fredirekin eta amaieran txalo zaparrada eta «Fredi, Fredi, Fredi» oihu artean hartu zuen. Eta Fredi, gustura, badakielako zenbat balio duen berotasun horrek. Joan zen urtean zendutako aita izan zuen gogoan amaieran, eta benetan hunkigarria izan zen. Nabarmentzeko ale asko utzi zituen Paiak. Bat aukeratu behar eta bakarkakoan bota zuen bigarrena ekarri behar lerrootara. Bertso horrekin entzule askok ezin izan zion eutsi eta bertsoa bukatu baino lehen hasi zen txaloka. Bere gorputz biluziari begira dagoen 12 urteko mutiko baten azalean, hau bota zuen: «Beti izan naiz potolotxua gure amaren ondasuna/ plater gainean dagoen dena irensten duen jatuna/ ta beitu orain gerri aldeko ze mitxelinen bilduma/ hau da foskito ta tigretonen izugarrizko erresuma/ eta nahi nuke ez bedi izan arrotza eta urruna/ nire gorputza ikusi eta lotsauko ez naizen eguna».
Jone Uria, laugarren, benetan bikain. Ideietan fresko eta oso ausart, gozatzen eta gozarazten. Zortziko nagusian Fredi eta biak ETAko bi kideren ahotik aritu ziren. Mahaian eserita, Espainiako Gobernuarekin hitz egiteko zain. Gaia zaila zen eta bai Jonek eta bai Fredik ere oso dotore konpondu zuten.
Onintza Enbeita, bosgarren, oso zentratuta aritu zen. Garbi zeukan zer egin nahi zuen finalean eta langile aritu zen. Lehen ariketan, zortziko nagusian, Igor Elortzarekin aritu zen supermerkatu bateko kontainerrean zer jan topatzen. Goitik hasi zuen saioa eta eutsi egin zion gero ere.
Miren Amuriza izan zen seigarrena. Gaiak ez zitzaizkion parean egokitu, baina denetan ikusi zuen aterabidea eta saio txukuna egin zuen. Bere kantaera eta ideia gozoekin, behin eta berriz laztandu zuen bertsozalea.
Iratxe Ibarrak helburu zuen txapelketan koska bat gora egitea eta egin dezakeenera gerturatzea. Eta atzo, zalantzarik gabe, lortu zuen. Oso lan serioa egin zuen Iratxe Ibarrak.
Etxahun Lekue izan zen puntutan zortzigarrena, baina berea eman eta gero. Bere bakarkakoa berriz entzun beharreko horietakoa izan zen eta beste ariketa guztietan konplitu zuen.
Denentzat hitz politak, denek merezi neurrikoak. Bertsozalearen txaloetan neurtuz gero atzoko lanak, txapela denen buruetatik pasatu zen uneren batean.
Arkaitz Estiballes. 899*
Igor Elortza. 896*
Fredi Paia. 506,5
Jone Uria. 500
Onintza Enbeita. 494,5
Miren Amuriza. 490,5
Iratxe Ibarra. 485,5
Etxahun Lekue. 474
*Lehen biek buruz burukoa jokatu zuten