Maider Eizmendi Kazetaria
«Muxu bat» edo «un beso»
Lagun artean euskaraz aritzeko ohitura dugunoi gerta ahal zaigun egoera traketsenetakoa da, hala mintzatzen ez den norbait bueltan esertzea. Irtenbideetako bat da hari gazteleraz aritu eta gainerakoekin euskaraz egiten jarraitzea, baina hori ere aldrebesa da, segituan ohartzen baitzara euskaraz egiten ez duen hori nekez sentituko dela gustura, apenas ezer ulertzen ez duen elkarrizketan murgilduta dagoelako. Beti euskaraz egin diozun lagun horri erdaraz hasi beharra ere ez da samurra, hizkera arrotza erabiltze hutsak laguna urrunago sentiarazten dizulako eta, mugaren muga horretan jolasean, zenbait kontu isiltzea ia nahiago duzulako. Zenbat alditan ez ote dugu lagun batek eta biok kontu horren gainean hitz egin eta gure artean gaztelera erabili beharrak zeinen aldrebes sentiarazten gaituen aipatu.
Bizi izan dugu, izan ere, hori gertu-gertuan. Atzerritik etorritako lagunak baditugu eta errespetuz eta begirunez hartu nahi genituelako gure artean erdaraz aritu gara denbora batez, handik eta eurek besteak beste errespetu eta begirune bera itzultzeko asmoz euskaraz ikasi eta berriz ere lagun artean nahi eran hitz egiten hasi garen arte. Euskaraz egiten dugu orain guztiek, haiek eta guk, eta horregatik bakarrik elkarrengatik gertuago sentitzen garela iruditzen zait, haiek eta gu, denok.
Imajinatzen dut horregatik zein nekeza egingo zaien Algecirasko espetxean daudenei etxekoei Gabonak zoriontzeko erdaraz idatzi behar izatea, zer eta espetxeko zuzendaritzak hala agindu dielako. Esaldi bakar batzuk baino ez dizkiete uzten euskaraz idazten, ia apenas ezer esaten duten horiek hain zuzen. Imajinatzen dut, halaber, etxean agur horien zain daudenei etxekoak zeinen urrun sentiaraziko dizkieten hitz horiek, inoiz baino urrunago akaso. Euskaraz aritzen garenontzat oso desberdin delako «maite zaitut» edo «te quiero» bat irakurtzea; desberdin «laster arte» edo «hasta pronto» esatea, desberdin «muxu bat» edo «un beso» bidaltzea.