Mikel Ibarguren Idazlea
Sorterriko koplak
Euria egiten duelarik sorterrian ere euria ari ote duen galdetzen dio bere buruari. Goizalban esna edo lo ote dauden etxekoak. Noiz ikusiko ote dituen. Izan ere, etengabeko arrangura da deserrituaren geografiaMundua deritzogun bizileku honetan bada, inon izatekotan, sorterri izeneko bazter miresgarri bat. Irlarik maitatuena dela diote autore askok, horregatik nahi izaten du itzuli haurtzaroko irla horretara deserrian dabilenak. Deklinabide zaila baita deserriaren bakardadea sorterritik at dabilenarentzat. Bilatze eta atxilotze aginduen pean bizi da iheslari bihurtutako deserritua. Kartzela, tortura edo heriotza saihesteko egiten du ihes. Erbestea, deserrotzea ere biolentzia da, begi askorentzat ikusten ez den biolentzia, baina hor dena. Ezinak, beldurrak eta kezkak janda bizi da deserritua. Ez da inor, ez da inon ageri, zerrenda bilatuenen afixetan ez bada. Bere nostalgiaren plazentan aterpetzen da. Etimologikoki itzuli nahiak sortzen duen sufrimendua da nostalgia. Mal de pays diote frantsesez, saudade portugesez, herrimina diogu hemen. Deserrituak deportazioak jasan behar izan ditu, estradizioak ezagutu ditu, bahituak eta hilak izan dira. Edo, azkenaldion, euroaginduaren mehatxupean dabil, gobernu ezberdinen kapritxoetara. Ez dagoen lekukoa da deserritua. Pasaporte higatua da bere akordua eta zerua itsaso zikin bat dela begitantzen zaio.
Iheslari egin den deserritua ez da orainean bizi, egunerokoan baizik, eta egunak etorri egiten zaizkio, negu luzeen oroiminarekin; eta egunak joan egiten zaizkio, absentziaz beterik.
Deserritua Czslaw Milosz-ek zioen eran dabil: aberria eta hizkuntza ukaturik. Hurbilekoak eskas dituela. Deserria ez da zerbait materiala, kanpokoa. Barruko urradura da. Galeraren sentsazioa da. Han izanik hona nahi izatea da. Hala, deserrituak herritik deserrirainoko lurralde zabala du bizibide, iraunbide, bazterbide edo sasibide. Ezin du memoriarik gabe bizi; memoria du zilbor-heste; hori da gelditzen zaion lotura afektibo bakarra. Deserritua bada eta ez da. Nahi luke eta ezin du. Beste izen batek bizi du, beste nortasun batez janzten da.
Sentipen gotortua zaio etxera egitearena, sorterrira itzultzearena. Mugak zedarritzen dio espazioa eta orainak denbora. Atzean utzi duenaren zama darama bizkarrean, aurrealdean duenari begiratzen dio eta bere baitan daraman hausturarekin bizitzen ikasi behar du. Horrela, deserritua Bayonne 17 panopetik pasa liteke edo auskalo nongo auzo trenean joan, nora ez, akaso, baina gogoak sorterrira darama etengabe. Euria egiten duelarik sorterrian ere euria ari ote duen galdetzen dio bere buruari. Goizalban esna edo lo ote dauden etxekoak. Noiz ikusiko ote dituen. Izan ere, etengabeko arrangura da deserrituaren geografia.
Badira urte batzuk Joseba Sarrionaindiak sorterriari koplak idatzi zizkionetik. Gure imajinario kolektiboan oihaneko pagoak blai eta elaiak aireratuz txertatu zituenetik. Agian idaztea itzultzeko modua baita, deserrituari izena eta izana ematen dizkio; agian hitza ukendua da herriminez dabilenarentzat, irla kutun hori bizirik gordetzeko manera da. Agian akordatzen dela akordatzeko idazten du. Edo auskalo, agian hitzik gabe erabat desanparatua sentitzen delako. Ez zuen alferrik idatzi ofizio zaila dela exilioa Nazim Hikmet-ek.
Deserrituak, non delarik ere, herrira nahi du beti.