GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

CAFek biderik arrazoizkoenari heldu dio

CAFeko langileek atzo bertan behera utzi zituzten beren protesta guztiak. Baina ez amore eman dutelako, beren borrokak fruituak jaso dituelako baizik. Hartara, egoera guztiz kezkagarria albiste on bihurtu zitzaien, enpresako zuzendaritzak langile batzordeari datorren urteko lehen sei hilabeteetako lana erregulatzeko espedientea atzera bota duela jakinarazi ondoren. Espedienteak 800etik gora langileri eragiten zien; hortaz, arazoa ez zen txikia. Egoera ez da inorentzat ona, baina denen sakrifizioa beharrezkoa delako leloak dagoeneko hipokrisiaren muga gainditzen du. Izan ere, enpresak oro har ez daude ezer sakrifikatzeko prest; etekinei baino ez diete begiratzen, eta, horiek behera egiten dutenean, kaleratzeak eta erregulazio espedienteak izaten dituzte berehalako «konponbide». CAFen kasuan ere, momentu honetan egoera ez bide da ona, baina arazoak -zehazki lan zamaren jaitsiera- konpontzeko alternatibak langileekin batera aztertzea arrazoizkoena da. Izan ere, arrazoizkoa ez dena, ohi bezala, langileek beraiek sortu ez duten egoera baten ondorioak ordaindu behar izatea da. Baina CAFi, seguruenik, erregulazio espedienteak eragindako protestak kostu handiagoa zekarkion langileekin batera irtenbideak aurkitzeak baino, eta ez kostu ekonomikoa soilik, enpresa eredugarritzat jo izan duten horrek irudi aldetik ere zer galdua bazuen eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo