Presoen giza eskubideen alde egin du Nafarroako Parlamentuak
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
Presoen giza eskubideak errespetatzea aldarrikatzen duen adierazpena onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Mahaiak PSN, Bildu, NaBai eta I-Eren aldeko bozekin. Dena den, PSNk ez zituen sostengatu Bildu eta NaBaik aurkeztutako adierazpeneko gainontzeko puntuak. Horietan, preso nafarrak Nafarroako espetxetara ekartzea, gaixoak kaleratzea eta aparteko legedia eta bizitza osoko zigorra bertan behera uztea eskatzen zen. Horrekin batera, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den mobilizaziora joateko deia egiten zen.
Bilduren eledun Maiorga Ramirezek gogor kritikatu zuen PSNren jarrera, beste behin erdibidean gelditu delako eta Nafarroako eskuinarekin bat egin duelako.
PSNren eledun Roberto Jimenezek presoen egoera banan-banan aztertu behar dela adierazi zuen. «Horregatik ez dugu lehen puntuaren alde bozkatu», azaldu zuen.
Preso gaixoak aske uztea eskatzen zuen puntuan abstenitu egin zirela azaldu zuen, «erabakiak hartzeko medikuen iritzia jaso behar delako, Bolinagaren kasuan bezala».
Presoen eskubideen aldeko mobilizazioak egin zituzten atzo herriotan: Zaldibia (22), Astrabudua (20), Ataun (22), Gernika (41), Ondarroa (72), Bermeo (15), Altsasu (47), Trintxerpe (18), Iurreta (35), Euba (16), Abadiño (15), Beasain (50), Iruñea (88), Altza (22), Laudio (43), Astigarraga (16), Añorga (7), Zorrotza (30), Zaldibar (16) eta Otxarkoaga (17).