Bretxa Design District, diseinatzaile berrien topaleku, saltoki eta tailerra
Donostiako Bretxa merkataritza zentroko lokaletan lanean ari diren moda sortzaileek elkartzea erabaki dute gune hori hiriko diseinu barruti bilakatzeko. Urte osoan zehar ekintza desberdinak antolatuko dituzte jendea erakartzeko, eta, euren lana ezagutzera ematearekin batera, Bretxa berpizteko. Diseinatzaileak hutsik zeuden hamabost lokaletan ari dira lanean eta bezeroek egiten ari direna ikus dezakete kanpotik, produktuaren benetako lana baloratu ahal izateko.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Donostiako Bretxa merkataritza zentroko lokaletako diseinatzaileek Bretxa Design Distric (BDD) sortu dute Gipuzkoako hiriburuan diseinua bultzatzeko helburuarekin. Proiektuan guztira hamabost lokaletan lanean aritzen diren hamazazpi sortzailek hartzen dute parte. Diseinatzaile berriak orain dela lau urte hasi ziren gune horiek erabiltzen, ordutik joan-etorri ugari izan badira ere. Aldiz, irail amaieran egungo diseinatzaile taldearen aurkezpen ofiziala egin zuten eta BDD aurrera eramateko erabakia hartu zuten. Hala, eraikinean kalitatea eta originaltasuna bermatzen duten denda-tailerrak prestatu dituzte.
«Bretxa dinamizatu nahi dugu, beste hiri batzuetan bezala moda barruti bat sortuz», azaldu dute. Dendon ezaugarri nagusia honakoa da: bezeroek leihoetatik ikus dezakete diseinatzaileek nola marrazten edo josten duten. Denda batzuek, gainera, esertzeko eta lasai egoteko tokia ere badute, salmentarako gune bat baino gehiago direlako. Josteko ikastaroak ere prestatu izan dituzte.
Denda guztiek moda eta diseinua oinarri badute ere, bakoitza desberdina da: Artefoto Stylen argazkiak egiten dituzte, Anuska Petruskan kalera irteteko arropez gain baserritar jantziak ere egiten dituzte estanpatu deigarriekin, Titti Thusbergek birziklatutako materialekin egiten ditu diseinuak, Alex Roben neurrira egiten dituzte soinekoak...
Horrez gain, artisten arteko lankidetza sustatzen dute BDDko kideek. Noizean behin Bretxatik kanpo lan egiten duten euskal artisten erakusketak prestatzen dituzte dendetan, eta, beraz, hauek erakustoki bilakatzen dira. Aurrerantzean ere horrelako ekimenak antolatzen jarraituko dute jendea Bretxara erakartzeko. Hala, hilabete bakoitzeko azken ostegunean ekintza bat prestatuko dute, www.bretxadesigndistrict.com webgunean zehaztuko dutena.
Azkenik, BDD osatu dutela ospatzeko, Gabonak direla-eta 200 euroko txartel bat zozketatuko dute urtarrilaren 5a baino lehen dendetan dagoen kupoia betetzen dutenen artean.