GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak Superprestigioa

Ducassou gazteak etorkizuna berea dela erakutsi du Paxkal Ezkurra handia mendean hartuta

Jon LEUNDA

Trinketeko zaleek badute izar berri bat. Izan ere, Ducassou II.ak liluratuta utzi zituen atzo Donibane Garaziko Garat trinketera hurbildu ziren guztiak. Aurten bete ditu 20 urte, eta, atzo, finalerdietatik kanpo utzi zuen Paxkal Ezkurra, 35 eta 40 mendean hartuta.

Partidaren gakoa hasieran egon zen, lehen zatian alde handia atera baitzion, hamabost kintzetako tartea zabalduz, 10-25 eta 15-30. Hor hasi zen Urruñakoaren erreakzioa, eta markagailuan hurbildu ere asko egin zen; 19-7ko partziala sartu zion, eta 34-37ra gerturatu zen. Orduan agertu ziren Ducassouren urduritasunak. Bazirudien gazteari garaipenak ihes ere egingo ziola, baina Ezkurrak pilota erraz bat huts egin zuen, eta aurkariak ez zion barkatu.

Norgehiagokak 71 minutu iraun zituen. Saketik lau kintze lortu zituen Ezkurrak, eta lau gehiago irabazleak. Jokoan, berriz, 28 tanto egin zituen Paxkalek eta bi gutxiago Ducassouk. Galdu, aldiz, sei eta lau egin zituzten. Markagailua honela joan zen: 0-9, 4-11, 7-12, 10-25, 15-30, 26-33, 31-36, 34-37 eta 35-40. Datorren igandean jokatuko du finalerdia Lemunoren aurka Ducassou II.ak.

Bigarren partidan ere ez zen emoziorik falta izan, baina jokoaren aldetik oso ezberdina izan zen, maila handiko norgehiagoka ez baitzen izan. Etxeberri zen irabazteko faboritoa, eta 40-31 irabazi zion Bonebeltxeri. Hasieratik hartu zuen aurre garaileak, eta beti kontrolpean izan zuen kanporaketa. Bonebeltxen erreakzioa etortzen zenean, berak egiten zuen huts, eta berriro ere jarraian Herve Etxeberrik abantaila hartzen zion.

Orotara 77 minutu iraun zituen partidak, eta saketik bederatzi tanto egin zituen irabazleak; lau, aldiz, galtzaileak. Jokoan 23 tanto egin zituen bakoitzak, eta, galdu, berriz, lau eta zortzi.

Markagailua honela joan zen: 5-0, 5-5, 15-7, 24-14, 27-15, 28-23, 31-25, 34-31 eta 40-31. Etxeberrik finalerdietan aurkari oso zaila izango du, txapelketa irabazteko faborito nagusia den Agusti Waltari izango baitu aurrez aurre. Bi finalerdiak datorren igandean jokatuko dira Donibane Garaziko Garat trinketean. Jaialdia 16.00etan hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo