GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zilbetiko pagoetan margotutako «Guernica» pinturaz eraso dute

Magna enpresak zabaldu nahi duen meatzeak eragingo duen kalteen aurrean Zilbetiko Antzeri pagadia babesteko margotu zuten «Guernica» erasotu dute. Espraiekin zikindu dute Erroibarreko eta inguruko biztanleek arboletan egindako artelana.

p014_f01_199x116.jpg

M.D. | IRUÑEA

Magna enpresak meatze bat martxan jartzeko Zilbetin suntsitu nahi duen pagadian margotu zuten Pablo Picassoren «Guernica» lanaren bertsioa eraso dute ezezagunek, horretarako espraiak erabili dituztelarik. Pagadian «Guernica» margotzeko ekimena antolatu zuten Aldude Mendia Koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteak salatu dutenez, «joan den igandean, eguna argitu bezain laster, irudi benetan desatsegina agertu zen guztion bistan».

Horrekin batera, margolana egin ostean inguruan jarri zituzten seinale adierazleak, argibide panelak eta bisitariei informazioa emateko gainontzeko elementuak ere eraso dituztela eman dute jakitera.

«Onartezintzat jotzen dugu azpikeriaz egindako eraso hau. Guztion lurra defendatzeko tresna gisa sormena baino baliatzerik ez dutenek Zilbetiko pagadian irudikatutako irudia eraso izana guztiz onartezina da», nabarmendu dute Aldude Mendia Koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteak elkarrekin. «Bere lurra bere eskuekin defendatzen duen herriaren sinboloa, eskrupulurik gabeko enpresa-interesen burugabekeriak hondatu du», gaineratu dute bi taldeok.

Kalte handiak eragingo ditu Zilbetiko Antzeri pagadian Magna enpresak harrobi bat zabaltzeko aurkeztu duen proposamenak. Inguruko biztanleek salatu dutenez, Magnak ez ditu egitasmoa aurrera ateratzeko beharrezkoak diren baimen ofizial guztiak. Esate baterako, Baztango Udalak ez du lur komunal horietan aritzeko ezinbestekoa den baimenik eman. Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusia ere afera aztertzen ari da oraindik.

Nahiz eta horretarako baimenik ez izan, joan den urteko Gabonetan pagoak moztu zituen Magnak Antzerin harrobia zabaltzeko probak egiteko. Magnaren arabera, ezinbestekoa da Antzerin harrobia irekitzea egun dituen lanpostuak mantentzeko. Izan ere, egun Zubirin duena agortzear dago.

Egoera ikusita, Antzeriko pagadia babesteko asmoarekin, arboletan «Guernica» margotzeari ekin zioten. Lan itzela izan zen, zuhaitz multzo batean margotu baitzuten artelana, arbola guztien artean irudi bakarra osatuz.

Kalteak

Magna enpresak Zilbetiko Antzeri pagadian zabaldu nahi duen meatzeak izugarrizko kalteak eragingo ditu ingurumenean. Erroibar eta inguruko biztanle ugari gogor aritu dira egitasmoaren kontra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo