GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal txanpona urtarrilaren 31n abiatuko da, 126.000 euskorekin

Euskal txanpon alternatiboa izango den euskoaren erabilera urtarrilaren 31n abiatuko da. Abiatze datara arte hedatuz joango den sarearen oinarria aurkeztu zuten atzo: 73 enpresetan erabili ahal izango dute 300 kidek. Hasteko, 126.000 eusko inprimatuko dituzte.

Idoia ERASO | BAIONA

Eusko batek euro bat balioko du. Euskal Moneta Elkarteko kideek Europako txanponaren truke euskalduna lortuko dute, eta aldaketa hori egitean kopuruaren %3a erabiltzaileak aukeratu duen elkartea sostengatzeko bideratuko da. Gaur egun elkarteak 300 kide dauzka eta oraingoz 73 enpresa eta elkartetan ordaindu ahal izango da txanpon berriarekin. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri eta hiri ugaritan produktu oso ezberdinak eskaintzen dituzten lantegi eta saltokiak sartu dira sare berri honetan.

Enpresei euskoaren sarean parte hartu ahal izateko euskara eta ingurumena defendatzeko ahalak egitea eskatuko zaie, horrela ekonomia birkokatzeko helburuarekin. Euskararen alde, kartelak elebidunak izatea eskatuko da eta euskaldunak ez diren saltzaileei AEK-k hogei orduko ikastaroa eskainiko die.

Ingurumena defendatzeko helburuarekin Ipar Euskal Herriko produktuak proposatzea edo erabiltzea eskatuko zaie merkatariei. Garapen horren bitartez zabalkundea «naturalki» Bidasoaren hegoaldera zabalduko dela nabarmendu dute elkarteko kideek. Enpresek onespen batzordearen oniritzia jaso behar dute, eta hurrengo batzordea urtarrilaren 21ean egingo dute. Enpresen aurkibidea argitaratu egingo da.

Laborantza Ganbera

Euskoak eskuratzeko lehen data urtarrilaren 19a izango da, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren urteurrena ospatzeko Ainhize Monjolosen izango den bestan. Handik aitzina aldaketa bulegoetan egiten ahalko da, horretarako herri edo auzo bakoitzean saltoki batek hartuko du eginkizun hori bere gain. Bertan 1, 2, 5, 10 eta 20 euskoko billeteak aldatuko dira.

billeteak

1, 2, 5, 10 eta 20ko euskoak paper segurtatuan inprimatuko dira. Zentimoak euroetan bueltatuko dira. 126.000 eusko inprimatuko dituzte hasteko eta bazkideek jadanik 22.000 aldatuko dituztela hitzeman dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo