Gorka Zozaia Garcia Ezker abertzaleko kidea
Etxe kaleratzeak, sozialismoa eta erokeria
Goitik behera inposaturiko logika nekez irauliko da ez bazaio behetik gora artikulaturiko indarraz, jakintzaz eta ekintzez aurre egitenMumia Abu-Jamalen baieztapen ezagunak gogoa zizelkatu dit, berriz ere, Barakaldotik Doneztebera tragedia sozial berri hau hedatu denean: «Askok diote sistemari erresistitzea erokeria dela, baina benetan erokeria dena, ez erresisititzea da». Sistema kapitalistak pertsonak nola ustiatzen dituen ikusi nahi ez zuenak, berak jakingo du zergatik itxi dituen begiak gaur arte. Baina kapitalaren logika hiltzaileak sektore sozial berriak kolpatzeari ekin dion honetan, ongizate estatuaz baliatu izan direnekin ere gupidarik ez duela agerian utzi duenean, erokeria galanta da ez erresistitzea. Erokeria galanta, egunerokotasunarekin jarraitzea, bizirautea, aberastasuna metatzeko miseria hedatzea xede duen borreroak gure atea noiz joko zain gelditzea.
Sistema honi erresistitzea, sistemarentzat asumiezinak diren jarrerak hartzean datza. Esatea erraza da, noski, zer egin asmatu eta gauzatzea, baina, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hasteko, zehazki zer egin behar den jakin gabe ere, agerikoa delako jarduera hori berria izango dela, eta, beraz, aldaketak eskatuko dituela gure jarreretan. Indibidualismoan eta pasibitatean ondo heziak izan garenez, parte hartze politikoa delegazionismora mugatzen ikasi dugunean, ez da erraza subjektu izateak dakarren ardura asumitzea eta kontsekuenteki jokatzea. Gutxiago jarduera horren ondorioz koste pertsonalak pairatzen direnean. Erokeria dirudi, bai, baina irteerarik gabeko kale batera eraman gaituenean, borreroari aurre egitea beste biderik ez dago.
Eta nola egin aurre, ba, sistemari? Ez nator, lerrootan, erantzun magikorik ematera. Ezingo nuke, nahita ere, magia existitzen ez delako. Errealitate zehatzaren azterketa zehatzetik soilik eman dakioke erantzun eragingarri bat galdera horri, eta hori, lekuan leku eta era kolektiboan egin beharreko ariketa bat da. Lekuan leku ezagutzen delako errealitate zehatza hoberen, eta era kolektiboan, askoren artean hobe ikusten eta pentsatzen delako errealitatea. Gainera, goitik behera inposaturiko logika nekez irauliko da ez bazaio behetik gora artikulaturiko indarraz, jakintzaz eta ekintzez aurre egiten. Finean, herritarrak «goikoen» politiken objektu izatetik, politikaren subjektu izateko trantsizioaz ari gara, eta horrek elkarren arteko ezagutza eta elkarlana ditu abiapuntu. Beharbada, orduan, magia sortuko da, eta herri aktibazioa eta indar metaketa kontzeptu sarri etereoak ehundura sozial berrietan hezur-mamitzen ikusiko ditugu.
Hain zuzen ere, sistemari aurre egiteko gakoak, aurka egiteko gaitasunaz harago, sistemari alternatibak eraikitzeko gaitasunean datza. «Ez, ez, ez!» leloa deklinatuz normaltasuna apurtzen duten indar erakustaldiak beharrezkoak dira, ezbairik gabe, baina sistema horrekiko menpeko garen bitartean, ez dugu inolaz gaindituko, eta okerragoa dena, berau erreproduzitzen jarraituko dugu. Pertsonak kapitalaren gainetik jarriko dituzten alternatibez ari gara, beraz, pertsonen beharretatik abiatuko diren egitura sozio-ekonomikoez, oinarrizko beharretatik «bizitza ona» bermatzeko moduko beharretara. Definizioak bidean osatzeke, ezkertiar eta abertzaleok, badugu egungo sistemari alternatiboa zaion proiektua: Euskal Estatu Sozialista. Berriz ere, erokeriatzat hartuko dute askok, baina proiektu sozialista eraikitzea ez da beste estadio bateko kontua, estadio honetatik ateratzeko gakoa baizik. Urratsez urrats, mantso baina gelditu gabe, egungoari aurre eginez jendarte solidario bat ehuntzen joan gaitezke, kapitalismoaren pilareak apurtzen eta sozialismoari orubea jartzen.
Bide horretan, oso garrantzitsua da herritarrengandik gertuen dauden instituzio politikoen lana. Kapitalaren boterearen eta herritarren boterearen arteko oreka kudeatzen duen organo honek, desoreka nabarmena egin izan du kapitalaren alde eta herritarren kontra. Balantza orekatze aldera, eta harago, herritarren boterea kapitalaren gainetik jartzeko bidean, barrutik eta kanpotik egin behar da tira. Herritarren ordezkari politikoek asko dute egiteko, eta Euskal Herria Bilduren sarrerarekin hori igartzen ari da; baina zinegotzi, batzarkide, alkate eta diputatuek ez dute zer eginik herritarren bultzadarik gabe, ezta lehendakariak berak ere! Euskal Herrian egun ditugun edozein instituzioetatik at herritarren boterea antolatua ez bada, organo hori kapitalaren boterearen menpe gelditzera kondenatua dago.
Euskal Herria Bilduk etxe kaleratzeen harira aurkeztu berri den protokoloa, beraz, zentzu berean ulertu behar da. Etxebizitza eskubidearen bidean, herritarrari babesa eman eta finantza erakundeen aurrean ausart izateko bokazioa du protokoloak. Horretarako, baina, herritarrak behar ditu atzean Udalak, herritar antolatuak. Finantza erakundeen gaineko presioa, herritarrek bultzatzen duten heinean eragingo du Udalak, eta orduan jardungo du ausart herritarren eskubideen defentsan.
Ez izan bada eroak! Ez dezagun itxaron bere buruaz beste egiten duena auzokidea izatera ipurdia mugitzeko. Ez dezagun delegatu gure erantzukizuna instituzio politikoengan berriz ere. Etxe kaleratzeak gelditu, sozialismoa sustraitu eta gelditu dezagun erokeria!