GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Eszeptizismoa

Gauza autentikoak behar ditugu bizitzari zentzua aurkitzeko, inguruaren unean uneko interesen merkatu bateko «regateo» etengabean sentitzeari uzteko

Orain zenbait urte konturatu nintzen nire barne egoeraren berri, ondoen, hiru ariketak ematen zidatela: kotxea aparkatu, musika jo eta bertsotan egiteak. Gizarte honen abiadura eta estimulu ugaritasunak antzeman ezineko bihurtzen dute inkontzientearen barne erreka. Eta Ponpeiako biztanleak legetxe, Vesubiok irentsita amaitzeko arrisku handia hartzen du gure izatearen zati bien arteko estoldak identifikatzen ez dakienak. Horrexegatik, ondo aparkatzea izugarri kostatzen zaidan egunetan ez dut musika sortzeko gogorik izaten. Eta bertsotan egitea tokatzen bada, ahal bezain arin eta indartsuki deshinibitzen naiz Moisesen itsas gorrietan.

Barrura begiratzeko leihoak dira, ITVa pasatzea tokatzen dela dioen pegatina ikusezina. Eta horretaz kontziente bihurtzen zarenean, lantzean behin munduari agur esaten diozu. Berba-lapiko konpultsibo izatetik mutu izatera igarotzen zara era natural batean, zure komunikazioaren ardatza mugikorra izatetik, misteriotsuki, inori ez hartzera heltzen zara, eta isilik egoteko gogoa piztu zaizu. Esan beharrik ez dagoen agindua. Isilik eta bakarrik egon, gure gizartean hainbeste zigortzen den jarrera hori. Nire kasuan, nire bizimoduaren oinarri diren komunikazio, sorkuntza eta jendaurreko esposizio etengabearen kontrakoa eskatzen dit buruak. Behin, bertsokide min baten neskalaguna zenak itaundu zidan: «zuk ere pasatzen al dituzu egunak zure munduan eta isilik bertso-saio garrantzitsuak dituzun garaian?». Normal sentitzea lasaitasunaren sinonimoa da artalde guztietan. Eta normal sentitzen gara guri gertatutako edozer beste inoren esperientziatik entzutean.

Isiltasunean egoten ikasita gauza berriak entzuten dira. Beti eskura baina sekula kasurik egin ez diozun liburu batek zure eskuetan amaitu du. Edo zure pausoak leku berera abiatzen dira behin eta berriz, nora ezean zoazelakoan.

Zure burua zerbait esan guran dabilkizu. Baina hizkuntza horri ez diozu phrasal verbsei eskaini diezun denboraren laurdenik opatu.

Akorde horietan murgildu naizen azken boladan gauza kurioso bat ikasi dut, niretzat ideia burgesa zen hasieran, pasiboa gero, kontraesankorra orain gutxi arte, eta Katedrala lako egia azkenik.

Gure aurreikuspenen intentsitateak gauza guztien alderdi argia eta iluna, alde txarrak eta alde onak integratzea ezinezko bihurtzen dizu. Intentsitate handiz desio baduzu sozialismoa, pertsona bat, edo errekonozimendua, hiru gauza horiek derrigorrez dituzten kontrako osagaiak desberdintzeari uzten diozu. Soilik batzuk edo besteak ikustera eramango zaitu intentsitateak. Lagunari bertuteak baino ez dizkiozu ikusiko, kapitalismoari, akatsak besterik ez. Horri deitzen diogu autentikoa, era batekoa denari, ageriko aurkako ezaugarririk ikusten ez zaionari. Gauza autentikoak behar ditugu bizitzari zentzua aurkitzeko, inguruaren unean uneko interesen merkatu bateko regateo etengabean sentitzeari uzteko.

Ikasgaia ez da ez dagoela gauza autentikorik, baizik eta gauza autentiko bakoitza bere kontrako ezaugarridun beste bati inkatuta bizi dela beti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo