Gazteen lan politikoa, hamaikagarrenez, zigortuta
Bost urte eta erditik gora joan dira Oarsoaldean hainbat gazte atxilotu zituztenetik. Haietako bostek atzo jakin zuten joan den urteko uztailean Auzitegi Nazional espainolak ezarri zien zigorra ontzat jo duela Auzitegi Gorenak. Askorako ematen dute bost urte eta erdik; hasteko, bere garaian salatu zutenez, polizia espainiarren eskuetan zeudela tratu txarrak eta jazarpen sexuala jasan zituzten; ostean, behin-behinean kartzelara sartu zituzten, eta, 2011ko uztailean, beste hamaika lagunekin batera, epaituak izan ziren, Segiko kide izatea egotzita; Auzitegi Nazionalak sei urte eta sei urte eta erdi bitarteko zigorrak ezarri zizkien sei laguni, eta atzo Auzitegi Gorenak haietako bosten zigorra berretsi zuen eta beste bat absolbitu egin zuen. Ez da antzeko lehen kasua, dozenaka euskal gazte izan baitira zigortuak beren eta euskal herritar guztien eskubide politikoen alde lan egiteagatik. Eta beste hainbat lagun epaiketaren zain daude «delitu» beragatik. Estatu aparatuek normaltzat jotzen dute euskal gazteak atxilotu eta kartzelatzea, baina herri honetan eskubide urraketa nabarmen horiek -ohikoak, ohikoegiak badira ere- ezin dira normaltzat hartu. Are gutxiago zenbait urtetako ziurgabetasuna eta sufrimenduaren ondoren kartzela zigorra ezartzea. Bost gazte horien, beren sendien sufrimendua luzatzea erabaki dute gizarte oso baten oihuari muzin eginda, joandako garai baten nostalgiaren erakusgarri.