GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urtarrilaren 12an izendatu lezakete Andoni Ortuzar EAJko presidente

Andoni Ortuzar izan daiteke urtarrilaren 12tik aurrera Iñigo Urkullu ordezkatuko duen alderdiko buru berria. Horretarako, bihar Sabin Etxean bilduko den EAJko Aberri Batzarrak presidente berria hautatzeko prozedura laburra aukeratu beharko luke.

GARA | BILBO

Urtarrilaren 12an izenda dezake EAJk EBBko presidente berria, eta gaur egun jelkideen Bizkaiko burua den Andoni Ortuzarrek du postu hori eskuratzeko aukera handiena.

Astelehenean EBBk egin zuen bileran adostu zenez, bihar EAJren Aberri Batzarra Sabin Etxean bilduko da, alderdiaren zuzendaritzan Iñigo Urkullu ordezkatzeko helburuarekin.

Bilera horretan, Iñigo Urkullu Lakuako Gobernuko lehendakaria izendatu ostean alderdiko buru berri bat izendatu behar dela esango die EBBk Aberri Batzarreko kideei.

Aberri Batzarrak EAJko presidente berria hautatzeko zein prozedura erabili erabaki beharko du bihar. EAJk ohar baten bidez azaldu zuenez, bi aukera daude.

Batetik, presidentea hautatzeko ohiko prozedura hastea. Horretarako, alderdiko kide guztiei galdetu beharko liekete, bi itzuliko barne-hauteskunde prozesu bat hasiz. Horrela, EAJ hilabeteak egon liteke Urkullu ordezkatuko lukeen presidente berria izendatu gabe.

Bigarren aukera askoz ere azkarragoa da. Aberri Batzarrak berak aukeratuko luke jelkideen presidente berria, egun EBB osatzen duten kideen artean. Bigarren aukera hau hautatuko balute, Ezohiko Aberri Batzarrerako deialdia egingo lukete urtarrilaren 12rako. Egun horretan aukeratuko lukete EAJko presidente berria, eta kasu horretan, Ortuzar izango litzateke faborito nagusia.

Aberri Batzar bi horien artean, Herrialde Batzarrak egin beharko dira Sabin Etxean harturiko erabakia alderdiko kideei azaltzeko.

Esteban, Madrilen eledun

Bestalde, Aitor Estebanek ordezkatuko du hemendik aurrera Lakuako Gobernuko kide izango den Josu Erkoreka, EAJren Madrileko diputatuen taldeko eledun lanetan. Hala azaldu zuen Estebanek atzo izan zen Eledunen Batzordean parte hartu aurretik. Pedro Azpiazu izango da eledunordea.

Lakuako Gobernu berriaren osaketak Madrilen EAJren bi diputatu berri izendatzea ere ekarriko du. Isabel Sanchezek ordezkatuko du Erkoreka Bizkaiko diputatu gisa eta Joseba Agirretxea izango da Gipuzkoako diputatu berria Arantza Tapiaren ordez.

prozedura laburra

Bihar bilduko den Aberri Batzarrak EAJko presidente berria hautatzeko prozedura laburra aukeratu dezake. Alderdiko kideek ez lukete iritzirik eman beharko eta urtarrilaren 12an amaituko litzateke.

madril

Isabel Sanchez eta Joseba Agirretxea izango dira EAJren diputatu berriak Madrilen Josu Erkoreka eta Arantza Tapiaren ordez. Aitor Esteban izango da eledun berria eta Pedro Azpiazu eledunorde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo